Hil da Jainkoa (3). Osasuna eta askatasuna

Mantso-mantso ari naiz puzzlea osatzen hasierako galdera haren erantzunaren bila, alegia, ea Jainkorik gabe bizitzeko gai ote garen. Gero eta susmo gehiago ditut ez dela hala. Jainkoa zer izan daiteken, hori hurrengo baterako.

Osasuna eta askatasuna leloa ere etorri zait gogora, nonbait ijitoek gogoko dutena, hitz bikote adierazgarria.

Zer da osasuna? Definizio ofizialarekin ados egonen gara denok ere: organismoak, normaltasunez, bere funtzio guziak egiten dituen egoera da osasuna. Baina nire ustez, kontua da nola, edo zer egin behar den egoera hori lortu edo eusteko.

Ematen du honezkero eta aspalditik, erabat barneratua dugula mediku eta adituek dakitela nola izan osasuntsu. Badakit ez naizela egiaren jabe, baina uste dut, hasteko, osasuna norberaren ardura dela, bakoitzak zaindu behar duena, eta horretarako garrantzitsua dela gure gorputza eta arima ezagutzea. Gure bizimoduak, pentsatu, erran eta egiten dugunak eragina duela, eta kontua ez dela botika hau edo hura hartzea edo bakteria edo birusen erasotik salbu izatea osasuntsu izateko. Alegia, bakoitzak gure etxea garbitzen dugun bezala, guk geuk zaindu behar dugu gure osasuna.

Eta askatasuna… Gizakiok dugun fakultatea, gure ardurapean, gauzak egin edo ez egiteko. Lehen ere aipatu ditut eta ez dakit merezi duen berriz ere aipatzea, azken urte pasa honetan izan ditugun askatasun mugak, osasunaren izenean bada ere.

Eta honatx hitz bikotea buelta emana: osasunaren gordetzea bertzeen eskuetan utzi dugu, haiek agintzen dutena egiten dugu, askatasunak berekin duen ardura ere haien eskuetan utziz. Borobila benetan: osasuna eta askatasuna, geuronak ditugunak, agintarien esku utziak. Adibide bezala, idazki hau agertzerako, kendua izanen da kanpoaldean maskara erabiltzeko agindua, agintariek erabakia «gure onerako».

Akitzeko, Jainkoaren kontua. Aspaldixko ohartu naiz lehen erlijioaren dogmak ukatzen zituztenei 'hereje' deitzen zitzaien bezala, orain, bertsio ofizialean sinesten ez dugunoi 'negazionista' deitzen digutela.

Hortaz, uste dut, gizakiak zerbaitetan sinesteko beharra ez duela galdu, Jainkoa aspaldi hil genuen, baina bere ordez bertzea dugu, zientzia, alegia. Dogma bihurtu da, eta gehiengoak sinesten du, kristau gehienek biblia irakurri gabe sinesten duten bezala, publikazio zientifikoak edo txertoaren prospekturik irakurri gabe.

Bizia ulertzeko, zientzia hutsa ez da aski, espiritualitatea ere beharrezkoa dela uste dut.

Dagoeneko nabaritu dut bertsio ofiziala sinesten ez dugunenganako mespretxua, baita gogorkeria ere. Ikusiko dugu noraino ailegatzen den hau, ignorantzia jakinduria baino itsuagoa baita, ea inkisiziorik izanen den, edo nolabaiteko gerra zibilik.  Jainkoak ez beza nahi. Hala bedi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun