Ez dut aspaldian telebistarik ikusten, ez orokorrean komunikabide nagusietako albistegirik jarraitzen, hortaz, nire ikuspegiak ez du gehiengoarenarekin bat eginen.
Giltzaperatzearen lehen egunetan, ez nuen uste obedientzia maila hain haundia izanen zenik. Harritu naiz zeinen ongi onartu dugun «distantzia soziala», ukondoa elkarri emanez, lehen «izorra hadi» erran nahi zuen keinua agurra bihurtuz. Neohizkuntza zabaldu da: «deseskalada, konfinamendua, normaltasun berria, eri asintomatikoak...». Hasieran amets batean nengoela uste nuen, distopia egia bihurtu zela. Orain baieztatu dut zonbiak, ganaduak garela, nagusiaren aginduetara txakurrak ardiak ibiltzen dituen bezala. «Gure onagatik», segurtasunaren izenean, askatasuna eta maitasuna saltzeko prest gaude.
«Nire bizian zerbaitez ohartu banaiz, gauzak ez direla itxuraz erakusten dizkiguten bezala da, zerbait saldu nahi digutenean batez ere».
Nire bizian zerbaitez ohartu banaiz, gauzak ez direla itxuraz erakusten dizkiguten bezala da, zerbait saldu nahi digutenean batez ere. Hortaz, nire ustetan, itxuraz osasun krisia denaren atzetik bertze zerbait dago. Hau bertze pausa bat da erabateko gizarte kontrolerantz, eta atzera begiratuz gero garbi ikus ditzakegu mugarriak, erraterako, 2001ean New Yorken gertatu zen ustezko eraso terrorista. Orduan norbanakoen eskubide aunitz murriztu ziren, gizarte kontrola areagotuz segurtasunaren izenean.
Helburua zera izan daiteke: ingelesez Great Reset deitzen ari direna, Davosen elkartzen den Munduko Ekonomi Foroak gidatua, eta pandemia aitzakiatzat hartu duena agendaren ezarpena azkartzeko. Txinan eta Israelen egiten ari omen diren bezala, erabateko kontrola digitala ezarriz biztanleei, segurtasunaren izenean.
Horra mugarri ttiki batzuk: 2015eko Bill Gatesen hitzaldia Ted saioetan, non hurrengo mundu mailako arazo larriak pandemiak izanen zirela aurreratu zuen.
Bitxikeria da baina 2019ko abuztuan hil zen Kary Mullis, PCR frogaren asmatzailea.
2019ko urrian (pandemia hasi baino hilabete lehenago) Estatu Batuetan egin zuten Event 201 izeneko pandemia simulazioa, zeinean aztertu zuten Brasilen hasiko zen koronabirus pandemia baten aitzinean nola jokatu beharko luketen mundu mailako eragile nagusiek.
Microsoft, Rockfeller eta Gavi fundazioek eta abar lantzen ari diren ID2020 asmoa, gizaki guziok identitate digitala izan dezagun, GreenPass Covid pasaportea txertatzea bermatzeko, eliteek gidatzen duten Agenda 2030, ekologia, berdintasuna eta bertze hainbat konturen aitzakiarekin... Segur aski aunitzek uste dute hau parentesi bat izanen dela eta dena lehengora itzuliko dela, baina nik uste garbi dagoela ez dela hala izanen, kostako zaizue aunitzi muturrekoa kentzea. Eta beharbada okertuko naiz, eta hala bada, hainbat hobe!