Nire baitan nion ea heriotzaren aitzinean itxuraz dugun lasaitasun hori (tanatorioetan ere ikusten dut), honezkero heriotza ezezagun ikaragarri horri beldurra galdu diogulako ote den. Zientziak eta arrazoiak erran digutelako hil ondotik ez dugula deus izanen, momentua gozatu bertzerik ez dugula eta horrela lasai gelditu garela, alegia.
Eta hara non itxura denez ez da hala. Gure artera ikusezina den izaki bat sartu omen zaigu (milaka izanen baditugu ere, ohartu gabe), eta gure bizi ederra arriskuan ikusi dugu.
Kristauek eurek ere, geroko zeru ederrean sinesten dutenek, kutsatzeko beldurrik gabe legendunengana hurbiltzen omen zen Jesusen jarraitzaileek, heriotzaren beldur, elkartzeari utzi diote.
Guda hizkuntza atera dugu kajoitik: «guda da hau», «irabaziko dugu», «aizu koronabirusa, zuri aurre egiteko prest gaude!». Eta koronabirusari bortz axola zaio guk oihu edo orro egitea, bere helburua ez da gudarik irabaztea. Zorionerako edo txarrerako gutako ia inork ez du egiazko guda bat bizitu, tiro, bonba, gose eta miseriekin.
Guk, ordea, erronka eta mehatxu gogor horiek gure gotorlekutik bota dizkiogu eraso ikusezinari, Franko ondotik inoiz izan den askatasun murrizketarik handiena pozik onartu dugu, gure bizi altxorra hau zaindu nahirik. Heriotzari bizkarra eman eta inoiz baino hobeki bizi garen honetan, gure bizi altxorra galtzeko beldur handia dugu, aberatsak diru fardela bezala.
Eta holako gauzak erraten ari den hau, hil beharraren aitzinean kakatietan kakatiena duzu, baina ikusi dut gizarte honek ere beldur handia diola heriotzari. Biziaren zentzua zein den oraindik zientziak argitu ez digulako akaso? Talentuen parabolan dioen bezala, bizi hau ez da bakarrik bere horretan eusteko, etekina ateratzeko baizik.
«Egunero 22.000 haur hiltzen omen dira gosez baina ez dio axola»
Nik ez dut inor ezagutu azkeneko hilabetetan Covid-az hil denik, bai, ordea, minbizi, bihotzeko edo istripuz, haien zenbakiak ez dira komunikabideetan agertu, baina familiakoen mina berdin hor dago. Inork ez du hileta ziztrin bat ere izan, segur aski mezatxoren bat ere egin zioten hildakoari lehenago izurriterik gogorrenean ere.
Orain arte munduan 560.000 lagun hil omen dira Covid-agatik, mila biztanleko 0,072. Egunero 22.000 haur hiltzen omen dira gosez munduan, 8 miloi urtean, Guatemalan errate baterako, jaiotako mila haurretik 44! Baina horrek ez dio axola, guk badugu janaria zabortegira botatzeko adina, maskara behar dugu.