Progresismoa badugu

Espainiako Gobernu berria progresista omen dugu. Nire inguruan hainbat lagun poztu ere egin direla ikusi dut, eta harritu egin naiz, niri ez baitzait deus ere axola. Hogei edo hogeita hamar urterekin politikarekin gizartea hobetu daitekeela sinestea normala deritzot, baina 50 urterekin, nik uste dut nahiko asti izan dugula gauzak nola diren ikusteko. 

Errate baterako, ez al zarete oroitzen PSOE izan zela GAL sortu zuena? Eta PSNk zenbateko kaka egin zuen Nafarroan?
Ez dakit begiak ireki zaizkidan edo nihilismoak irentsi nauen, baina politika antzerki bat bezala ikusten dut gaur egun. Zer dira ba Madrilgo kongresuan ikusten ditugun solas, oihu, irri eta lo kuluxka horiek, antzerkia ez bada? Oholtza gainean inoiz lanik egin ez duten, baina (nire gisa), solasean bai indarra duten gizaseme eta emakume talde bat iduritzen zait. Pedro fidatzeko modukoa iduritzen al zaizue? Eta Pablo? Nik itxurazaleak ikusten ditut hor, kea saltzen duten elezuak. Zaude… Pedro eta Pablo ziren ba Jesukristoren ikasle garrantzitsuak! Bo, baita Pikapiedrak ere...
Nik lehen nire burua progresistatzat nuen, eta uste nuen hori zela bide ona, bertzea, kontserbadore izatea berriz, ezjakina eta okertua izatea. Ezkertiarra izatea ona, eta eskuindarra izatea txarra. Gaur egun, nahiko lan badut biziaren zentzua zein den aurkitzen. 
Baina bizian egiten dugun bidaiatxo honetan pixka bat begiratzen badugu, zer ikusi eta ikasi aunitz dago, errate baterako gauzak ez direla hain garbi eta erraz banatzen ona eta txarraren artean. 

«Lehen elizaren beldur eta orain politikoki ezegokia izatearen beldur»

Aritu naiz ikasi nahizik zergatik erraten den ezkerra eta eskuina, progresismoa eta liberalismoa zer ote diren, eta egia erran, ez da batere erraza ulertzea. Hemen hasiko banintz idazten, aldizkari guzia eskas nuke. 
Frantziar iraultzaren ondotik hasi omen zen eskuin eta ezker horren banaketa. Erregearen ezkerrean jarri omen ziren bera gainetik egotea onartzen ez zutenak, eta eskuinean, berriz, onartzen zutenak. Ulerkorra da orduan, uste izatea ezkerrak norbanakoaren askatasuna aldarrikatuko duela gauza guzien gainetik , baina hara non, ematen du ezkerra dela preseski dena kontrolatuko duen estatu indartsu baten beharra gehien aldarrikatzen duena. 
Azken boladan saltsa poliki bada, gobernuak eskoletan zer erakutsi behar den erran duenarekin...
Baina isilduko naiz, gero eta maizago entzuten baitut, «kasu eman ezak zer erraten duken».
Lehen elizaren beldur ziren gure gurasoak; orain, berriz, hura baztertu dugunean, kasu «politikoki desegokia» izatearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun