Egun batean, bere taldeko zinegotzi bat herrian gertatzen ari zen arazoaz jabetu zen. Herritarrek ez zuten uste arazo bat zenik, baina zinegotzi hark hala ikusi zuen, eta alkateari horren berri eman zion.
Herria taldetan banatua zebilela erran zion, batzuk bertzeendako gaizki erraka aritzen zirela, batzuetan aski itsuski gainera, eta itxuraz begi-bistan elkar agurtzen zutela bazirudien ere, nonbait atzetik bertzelako kontuak izaten zirela.
Alkateari kezka sortu zion aferak, eta albinteari agindua eman zion aste batzuez azterketa lana egiteko, ahalik eta informazio gehien biltzeko. Albinteak lana egin zuen eta bildutakoa alkateari eman; ulertzeko lanak izan zituen. Herriko familia gehienek Deskartentxe eta Platonenekoei irri egiten zieten, eta ez zituzten kontuan hartzen hainbat gauzetarako. Hala ere, Saskiegilenekoek Beroetxekoendako fuego aritzen ziren, inongo zakurkeria guziak erraten. Eta haiek, berriz, Zilipurdinbordakoei maiz samar lapurretak egiten omen zizkieten. Eta holako 11 kontu, zein baino zein ergelagoa eta itsusiagoa.
Ez zen nabari bat bertzearengatik gaizki erraka aritzen zirenik...
Alkatea erabat harritu zen, ez baitzen nabari herrian holakorik gertatzen zenik; herriko bestetan, errate baterako, denak umore ederrean elkarrekin solas egiten zutela baitzirudien. Hala, herritar guziak deitu zituen plazara, agertzen ez zenari isuna ezarriko zion mehatxupean. Baita denak agertu ere. Eta zera erran zien: «Jakin berri dut, eta kezkatua nago, elkarrendako gaizki erraka eta elkarri gaiztakeriak gordeka egiten ari zaretela. Aurpegira solasa eta irrifarra, eta atzetik berriz, labankadak. Ez dut nahi hau nire herriarendako, hainbat gauza itsusi jakin ditut, eta hementxe denen aitzinean, bertzearendako zerbait errateko duenak erran dezala nahi dut, arazo hau konpontzeko». Jendia isilik gelditu zen, aunitz lotsagorritu ziren, ez zuen inork pausorik eman.
«Zer, ez al duzue ba deus errateko? Zuk, Saskiegilenekoak, ez al duzu deus erratekorik Beroetxekoarendako?». Hura isilik… Bertze hainbat jende aipatu zituen, eta denak isilik.
«Begira, orain hemen deus errateko ausardiarik ez baduzue, ez zaitezte gero atzetik ibili, heldugabeak bazinate bezala. Gordeka eta bizkarretik ibili ordez, erran aurrez aurre errateko duzuena, eta elkarri lagundu, bertze gisa, ez da gauza onik, eta ez duzue ba nahiko herria hondatzea, ezta?».
Denak isil-ixilik, eta alkateak erratekoak erran zituenean, halaxe etxera itzuli ziren. Geroztik, herri hartan ez omen dabil isilpeko kontu zikinik ezta elkarri gordeka gaiztakeriarik egiten ari den inor ere.