Gaixoa ni, gaiztoa zu

Hitz joko hau gogotu zitzaidan jarrera asertiboa azaldu nahian ari nitzela, gure hizkun­tzaren bitxikeriak. Bakoitzaren eskubideak defendatzea, urkoa erasotu gabe, omen da asertibitatea azaltzeko modu bat.
Errate baterako, barride, lagun, ezagun edo edozein delako batek, gure eremuan sartu (berdin fisikoan edo harremanetan) eta gure gogoko ez dena erran edo egiten duenean da aukera modu asertibo hori erabiltzeko. Eta ezta ez gero erraza. Asertibitatea bi muturren erdibidea da: pasibitatea edo geldotasuna eta agresibitate edo oldarkortasunaren artekoa. Alegia, batzutan ezatsegin dugun hori egiten digutenean, eztabaidan ez sartzeagatik, isil­du egiten gara, irentsi, eta gero barrendik edo bertzeekin harendako amorrua kanporatzen aritu. Gero, afera denboran luzatzen denean, express eltzeak bezala presioa hartu eta azkeneko lehertu eta jasaten egotetik erasora jotzen dugu.
Hortxe ba koska, letra bat, “t” bat bertzerik ez, pasibitatea “gaixoa ni” litzeke, eta agresibitatea “gaixtoa zu”, erdibideko horreri nola erranen genioke? Nahi baduzue bilatu...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun