Hegaztien behaketaren onuraz

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Amoros Oskoz 2026ko apirilaren 26a

Erik Wing neurozientzialariak zuzendutako ikerketa batek honela dio: hegaztiak behatzeak garunaren ahalmen kognitiboa hobetzen du eta garunaren zahartzea gibelatzen du. Journal of Neuroscience aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.

Ikerketaren ondorioen artean aipatzen dute hegaztien behaketak, prismatikoen laguntzaz, garunean eragin positiboak sortzen dituela, hizkuntzak ikasteak, musika instrumentuak jotzeak edota arte sormena lantzeak bezainbertze. «Hegaztien behaketaren bitartez gureganatzen ditugun gaitasunak, dirudienez, onak dira gure garunarentzat zahartzen ari garen heinean». Erik Wingek azaldu du (National Geographic, 2026-03-27).

Ez da gaizki. Nik pentsatu nahi dut gainera, hegaztiez gain, fauna orokorrean behatzea eta natur guneetan egotea, lasai, errespetuz, isiltasunean eta gure zentzumen guztiekin, naturak eskaintzen duenaz gozatzea, onuragarria izanen dela gure osasunarentzat, buru osasuna barne.

Baina mundu nahasi honetan egoera gordinak bizitzen ari gara, gure hurbilean edota urrutian sortzen direnak. Eta ez dugu beti astirik, ezta gogorik ere fauna behatzeko, hizkuntzak ikasteko, musika jotzeko, artelanak sortzeko edota irakurtzeko. Gizateriak betitik arazo latzekin topo egin du, baina une honetan, arazoen eta gatazken maila modu kezkagarrian igan da. Planetako hainbat herrialdetako agintariak pertsona zitalak dira, gaiztoak, diruzaleak, boterezaleak, gezurtiak, torturatzaileak, arerio politikoak pozoitzen dituztenak, arrazistak, korruptoak, fundamentalistak, autoritarioak, inperialistak, gerrazaleak, terroristak, genozidak, denetarik bada. Ez dute bertze pertsonen bizia errespetatzen, eskrupulurik ez dute bonbak botatzeko armarik gabeko pertsonen kontra, familien kontra, haurren kontra. Ospitaleak, eskolak, etxebizitzak, zubiak, errepideak, lantegiak eta edozein eraikin zibil izaten dira euren bonben helburuak. Lastima agintari horiek euren zaletasunen artean ez izatea Erik Wing neurozientzialariak aipatutako zaletasunak. Eta pena gizateriak ez duelako indarrik pertsona higuingarri horiek kohete batean sartzeko eta bertze planeta batera bidaltzeko!

Bitartean, tarteka, astia hartu beharko genuke geure buru osasuna zaintzeko, lagunekin, familiarekin eta bikotekidearekin egoteko, liburu bat irakurtzeko, pelikula on bat ikusteko, musika jotzeko, hizkuntzak ikasteko, kirola egiteko, eskulanak egiteko, baratzea lantzeko, jokoetan ibiltzeko, mendian ibiltzeko… eta hegaztiak behatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun