Baina nik ez nuen galegoari buruz eskribitu nahi, badugu hurbilagoan kezkatzen nauena. Orain dela egun batzuk Malerrekako herri bateko futbol zelaira joan nintzen futbol partidu bat ikustera. Ikusleen artean han zegoen gazte talde bat, denak mutilak, iji eta aja, baina denak erdaraz ari ziren euren artean. Harritua egon nintzen haiei begira, posible ote da euskaldunik ez izatea? Ba, bai, euskaraz zekitenak baziren. Han zebiltzan haur batzuekin euskarazko solasak partekatu zituzten. Ez da gaur goizeko kontua, euskaldun batzuk euskaraz bai, baina haurrekin eta zakurrekin. Gogoeta egin nuen, gazte hauek D ereduko eskolan ibilitakoak izanen ziren eta haur denboran kantatuko zuten Maite zaitut, maite maite zaitut, pila-pila- pila patata tortilla. Porrota? Itxurakeria? Askatasuna? Adin kontua? Ohiturak? Giroa?... Ez dakit haiek ere gogoeta egin ote zuten.
Baina nik ez nuen horri buruz eskribitu nahi ere, aspaldiko kontu bat azaldu nahi nuke. Orain dela 35 bat urte Aritzu herrira joan ginen. Aritzu, herri txiki polita, Belate eta Iruñea tartean dago. Herria ez genuela ezagutzen eta arratsalde batean harat hurbildu ginen. Orduan gure alabak haur txikiak ziren. Guk euskaraz aritzeko ohitura dugu eta gure solasaldia adituta hango gizon adindua hurbildu zitzaigun.
Gizona emozionatua zegoela zirudien. Gurekin euskaraz hasi zen. Kontatu zigunak hunkitua utzi ninduen eta urte aunitz pasatu arren, oraindik ederki oroitzen naiz. Herriko euskaldun bakarra omen zen, azken euskalduna. Urteak zeramatzan euskaraz aritu gabe. Bere gazte denboran euskaldunak baziren eta euskaraz mintzatzen zen lagunekin, familiarekin. Denak joanak ziren, ez zuen inor euskaraz aritzeko, komunikatzeko nahitanahiez erdaraz ari behar zuen.
Geroztikan zenbat aldiz etorri zaidan burura gizon hura. Gaurgero hila izanen da. Iruñea aldera joaten naizen aldiro, errepidetik ikusten da herria eta gizon hartaz oroitzen naiz. Tristea izanen da zure herriko azken euskalduna izatea!