Zer ikusi, hura ikasi

Badirudi gizartea kezkatuta dagoela gazteekin, hobeki erranda, helduok gaudela kezkatuak. Gauza berria ez da, gu ere gazteak ginelarik orduko helduak gurekin kezkatuak zeuden, ohitura berriak zirela, janzkerak, orrazkerak, aditzen genuen musika, orduan ere ematen zuen moda berriak txarragoak zirela aitzinekoak baino.

Zalantzarik ez dut, gaur egungo nerabeek eta gazteek arazo berriak edota mehatxu berriak dauzkate eta neurriak hartu behar dira haiek babesteko. Tipi-ttapa aldizkarian ere gaiak jorratu dira azken bi aldizkarietan, gazteak etxebizitza aurkitzeko zailtasuna (azaroaren 28an), eta nerabezaroan mugikorrarekin noiz hasi eta nola erabili (abenduaren 19an). Biak erreportaje bikainak.

Nire kezka bertzea da, azkeneko bolada honetan maiz irakurtzen eta aditzen ditut komunikabide batzuetan gazteen ohiturei buruzko estatistikak, aunitzetan zentzu negatiboan. Ematen du bakarrik gazteek dituztela ohitura txarrak. Eta helduok, zer? Guk dena ongi egiten dugu? Eredu onak gara haur, nerabe eta gazteentzat? Komunikabideetan eta sarean aurkitutako adibide batzuk azalduko ditut. Portzentajeak kontuz hartu behar dira, informazio iturriaren arabera aldatzen baitira. Gazteen % 23k genero indarkeria ukatzen duela edo % 5 homofoboa dela edo % 25ek atzerritar gehiegi daudela pentsatzen duela. Gehienek Interneten pornografia kontsumitzen dutela edo zazpi ordu egunero mugikorrarekin edo aunitzek aldaketa klimatikoa ukatzen dutela. Bertze batzuek bortizkeria psikologikoa eta irainak erabiltzen dituztela, eskuin muturreko influencer-ei jarraitzen dietela, sare sozialen mende daudela edo antifeministak direla. Baita euskara erabiltzeari uzten diotela ere. Eta bukatzeko nork ez du noizbait aditu, gazteek aunitz edaten dutela edo ez dutela lanik egin nahi, besta bertzerik ez. Hipokrisia?

Gaixoak gazteak, helduok sortzen ditugun arazo guztien errudunak!

Jende gaztea, normala den bezala, jakin-min haundikoa da, ameslariak, ausartak, abenturazaleak, jende artekoak, bestazaleak. Nik gazte aunitz ezagutu eta ezagutzen ditut eta gehien-gehienak jatorrak dira, mugituak, kirolzaleak, naturazaleak, lagunen lagunak, solidarioak, euskaltzaleak. Langileak, zintzoak, badakite zer dagoen ongi eta zer gaizki. Noski, pautak, aholkuak, informazioa behar dute, aldi berean konfiantza eta askatasuna euren bidea egiteko. Belaunaldi bakoitzari erronka desberdina bizitzea tokatzen zaio.

Gizarteak, gurasoek, komunikabideek, guztiok mezuak zentzu positiboan transmititzen ikasi behar dugu eta ez tonu negatiboan eta katastrofistan. Eta jakina, hagitz inportantea da helduok ematen dugun irudia. Badira antzeko estatistikak helduon ohiturak aztertzen dituztenak eta emaitzak ez dira hobeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun