Ni ere ados nago haien aldarrikapen batzuekin. Duintasuna eman behar zaie; prezio duinak garantizatu behar dira; euren lanetik bizitzeko errentagarritasuna behar dute; hemengo kalitate kontrolik gabe eta hemengo eskakizunik gabe, kanpotik etorritako produktuen konpetentzia onartezina da; burokrazia eta papeleoa gehiegizkoak dira.
Gaia interes haundiz jarraitzen ari naiz komunikabideetan. Sektorean hainbat egoera daude. Ez dira gauza bera nekazaritza eremu haundien ekoizleak, dirulaguntza haundiak kobratzen dituztenak, edo Erriberako ekoizle txikiak. Gurera etorriz, ez da berdin makroetxalde bat, milaka behi edo zerri hazten dituztenak edo gure baserrietako ekoizleak. Nik garbi daukat nire eredua zein den: nekazaritza iraunkorra, ingurugiroa zaintzen duena eta elikagai osasuntsuak ekoizten dituena. Aldi berean abeltzaintza estentsiboa, non animaliek janari garbiak jaten dituzten, larreak eta belaiak aprobetxatzen dituzten eta ez zaien botikarik ematen gizentzeko.
Sindikatu bateko ordezkariari aditu diot Nafarroan nekazarien bana bertzeko adina 64 urtekoa omen dela. Agian nahi dugu gizarte bat lehen sektoreko langilerik gabe? Denok turismotik bizitzeko itxaropena? Deus ere ekoizten ez duen gizartea eta dena kanpoan erosi behar izatea?
Hau ez da bromako gauza, gaia hagitz inportantea da. Eredu hau defenditzen badugu, hainbat gauza positibo ere ari gara defenditzen: elikadura burujabetza, herri txikien etorkizuna, suteen prebentzioa, bioaniztasuna, gure ekonomia eta gure osasuna, bertzeak bertze.
Protesta hauetan ikusi dut aldarrikapen guztiak administrazioei zuzenduak daudela eta erru guztia gobernuei eta Europari leporatzen dietela. Ba, nire ustez, geuk, kontsumitzaileok, ere badugu gure erantzukizuna. Gogoetarako galdera hauek botatzen dizkizuet: Esparragoak erosi nahi dituzuenean etiketa irakurtzen duzue jatorria ikusteko edo prezioari bakarrik begiratzen diozue? Bildots haragia behar baduzue, eskatzen duzue bertakoa izatea edo berdin zaizue nongoa den? Prezioari bakarrik begiratzen badiogu jai dute gure nekazariek. Aldiz jatorria eta kalitatea baloratzen baditugu eta kontsekuenteak izan nahi badugu badakigu zer egin behar dugun.
Egoera hobetzen guk ere laguntzen ahal dugu bertako produktuak erosten eta kontsumitzen. Hori da zero kilometro. Ekoizleei zuzenean ere erosten ahal dizkiegu barazkiak, haragia, gaztak… Nafarroako elikagaiak erosteko aukera ona dira Errigorako kanpainak.