Zer jarrera hartu behar den erabakitzea ez da erreza. Zalantzak sortzen ahal dira. Gure kontraesanak agerian geldituko dira. Denetariko argudioak adituko ditugu. Aldizkari honetan Juainasek adierazi zuen bezala, ziur energia berriztagarrien alde gaudela, baina, nola, non, zenbat, zertarako? Ni ere ados nago. Gogoeta egin behar dugu.
Itxuraz, agintean dauden politikoak makroproiektu horien alde daude eta, jakina, proiektu hauek bultzatzen dituzten enpresak ere bai. Negozio itzela dute, lur publikoak erabiltzen dituzte; dirulaguntza publikoetatik onura hartzen dute; obra bukatuta lanposturik ez; sortutako elektrizitatea haiek nahi duten prezioan salduko digute; eta noizbait haien irabaziak murrizten hasten direnean, agur benhur, eta berriz diru publikoa erabiliko da mendi horien itxura berreskuratzeko.
Lan ederra dugu, aunitz gara, gero eta gehiago ari gara planetako baliabideak xahutzen. Kutsadurak, suteak, idorteak, tenperaturaren igoerak, gatazkak eta gure etengabeko kontsumo eroak ondorio larriak ekartzen dizkigute. Osasuna, bioaniztasuna, uraren eta airearen kalitatea, bakea, ekonomia, alegia, gure ongizatea eta gure etorkizuna kolokan paratzen dute. Teoria badakigu, hor nota ona aterako genuke, praktikan huts egiten dugu.
Berriki irakurri dut gizakiok garela planetako mehatxurik haundiena, gure jarduera etengabe ari dela ingurugiroa hondatzen (Diario de Noticias, 2023-06-09).
Orain dela aste batzuk Nafarroan hainbat kolektibok Bidezko energia manifestua plazaratu zuten. Laburbilduz desazkundearen auzia eztabaida publikoaren erdigunean paratu nahi dute (Berria, 2023-05-26). Desazkundeak erran nahi du garapen ekonomikoari eta kontsumoari frenoa paratu behar diegula. Honela ezin dugula segitu, ekonomia berrantolatu behar dela eta kontsumoa murriztu.
Carlos Taibo Unibertsitate irakasleak ideia bera jorratzen du bere liburuan. Bioaniztasunaren galeraren inguruan honela dio: «giza jardueraren ondorioz, urtero 30.000 espezie desagertzen dira. Erritmo horri segituz, 2050erako gaur egun dauden hamar milioi espezietatik erdia desagertu daiteke (Colapso).
Jose Esquinas ingenieri agronomoa eta 30 urtez FAOko funtzionarioak janari ekoizpenari buruz hauxe dio: «behar duguna baino janari aunitz gehiago ekoizten dugu, % 30 botatzen da merkatu prezioei eusteko. Aldi berean munduan 800 milioi biztanle gosez daude eta ia 2.000 milioik gainpisua dute (Rumbo al ecocidio).
Gure mendiak bizirik mantentzeko prest gaude zerbait egiteko? Eta prest gaude gure kontsumo ohiturak aldatzeko?