2000 | 2019 | |||
---|---|---|---|---|
Ardiak | Artzainak | Ardiak | Artzainak | |
Bortziriak | 21.796 | 305 | 12.957 | 239 |
Malerreka | 24.748 | 282 | 16.145 | 220 |
Bertizarana | 1.431 | 14 | 818 | 9 |
Baztan | 44.086 | 346 | 34.195 | 301 |
Xareta | 5.901 | 42 | 3.432 | 36 |
Leitzaldea | 16.824 | 217 | 10.624 | 159 |
GUZTIRA | 114.166 | 1.206 | 78.171 | 964 |
Gainbehera haundia eta segur aski aurtengo datuak ikusiko bagenitu kopuru hauek oraindik murritzagoak izanen lirateke.
Ba, niri pena ematen dit. Gainera, iruditzen zait artzaintzaren gainbeherarekin denok galtzaile ateratzen garela.
Gure kulturaren eta identitatearen ikur bat da. Mendi kaskoetan ageri diren monumentu megalitikoak eraiki zituztenak artzainak omen ziren. Baserrien sorrera ezin da ulertu artzaintzarik gabe. Edo gure baso eta mendi guztietan sakabanatutako ardi bordak eta artzain etxolak. Eta inauteriak, joareak, euskal artzainak Ameriketan... Gure gastronomian ikur diren hainbat jaki: gaztanbera, gasna, bildots haragia... Hizkuntza aldetik artzaintzari lotutako hiztegia ere galduko dugu.
Gehiago gaineratuko nuke, gure belai berdeek, larreek eta mendiek belarjaleak behar dituzte. Artzaintza estentsiboa eta natura errespetatzen duena onuragarria da ingurumenarentzat, espezie aunitzentzat mesede da larre garbietan edo arboladi irekietan bizitzea. Atzendu gabe eskualde honetan bizi garen gehienok artzain familiakoen ondorengoak garela.
Oraindik gure inguruan badira artzainak, baina galtzeko arriskuan dagoen espeziea dela iruditzen zait. Gure esku dagoen guztia egin beharko genuke artzaintza jasangarria, ekologikoa eta errentagarria mantentzeko. Bertze ogibide bat da eta lanpostuak sortzen ditu. Gazte gehiago, mutilak zein neskak, artzaintzan aritzea ona litzateke.
Eta guk zer egiten ahal dugu artzaintza babesteko? Ba, bertzeak bertze, artzainek ekoizten dituzten produktuak kontsumitu, bidezko prezioan eta bertakoak. Badakizue artzainek bildotsak orain dela 30 urteko prezioan saltzen dituztela? Artilea dohainik ematen dutela?
Ea lortzen dugun!