Zientzialariek diotenez, azken urte hauetan, gizakion jardueraren ondorioz, espezien suntsipena bizkortu egin da. Egun espezie aunitz galzorian daude eta mende hau bukatu baino lehen aunitz izanen dira desagertuko diren espezieak, landareak nahiz animaliak.
«Planeta berea eta amaigabea izanen balitz bezala jokatzen segitzen du gizakiak. Naturak ezin dio guk ezarritako erritmoari eutsi eta dagoeneko amildegira ailegatzen ari garela ohartarazi digute adituek. Hauek ere bioaniztasuna kaltetzen duten motorrak zerrendatu dituzte: Lehen postuan habitata suntsitzea (deforestazioa, nekazaritza industriala, eraikuntzak…); bigarrenean arrantza eta ehiza; hirugarren tokian klima aldaketa; laugarrenean kutsadurak eta bosgarrenean espezie inbaditzaileak» (2019. naiz.eus).
Gaur egun arazo aunitz eta latzak ditugu gizakiok: pandemiak, pobrezia, goseteak, bortizkeriak, krisi klimatikoa, bertzeak bertze. Nahikoa lan dugu gure espeziea aitzinera ateratzeko eta ez zaigu inporta bertze espeziei egiten diegun kaltea. Planetan bizi diren gainerako espezieentzat plaga kaltegarria gara.
IPBES erakundearen arabera –planetaren bioaniztasuna baloratzeko NBEren erakundea–, egun planetan bizi diren zortzi milioi espezietatik milioi bat galzorian daude(SEO BirdLife, 2021-09-15).
Kuriositatez, erran daiteke, Estatu Batuetan 23 animalia espezie sartu berri dituztela galdutako espezien zerrendan. Horien artean marfilezko mokodun okila, marrazki bizidunetako pajaro loco ospetsua. Animaliak desagertzeko kausa hauek nabarmentzen dituzte: ekosistemen suntsiketa eta ehizaren kontrolik eza (La Razon, 2021-10-04).
Eta gure inguruan zer?
Ba, hemen ere espezie aunitz gainbeheran. Espainian 963 espezie daude Babes Bereziko Zerrendan, horietako 198 desagertzeko zorian(Trantsizio Ekologikorako Ministerioa).
Nafarroan ere espezie babestuen zerrenda badugu, hala nola: ugatza, okil gibelnabarra, eper zuria, eper grisa, basoilo haundia, gauenara, hartza, bisoi europarra… (Nafarroako Gobernua, navarra.es)
Azken urte hauetan espezie berri batzuk gainbehera haundian sartu dira: hontza zuria (Diario de Noticias, 2021-10-24), tortoila arrunta, oraindik espezie zinegetikoa dena, aurtengo ehiza arauetan kuota zero izan arren (Ehiza arauak 21-22).
Nire ustez kezkagarria eta ulertezina da erbi europarrarekin gertatzen ari dena, Nafarroako iparraldean bizi dena. Denok dakigu desagertzen ari dela eta oraindik ehizatzen ahal da. (Nafarroako Ehiza Federazioa, Diario de Noticias, 2021-02-28).