Ezagutzen duguna hobekiago zainduko dugu

Gaur goizean arrano sugezalea ikusi dut, dagoeneko Afrikatik itzuli da. Uda bukatu arte gure mendietan biziko da eta hemen haziko du bere umea. Irailean berriz Afrika aldera abiatuko da, negua Saharako hegoaldean pasako du. Aurten negu motza izan dugu eta hegazti migratzaileak goiz etortzen hasi ziren. Gailupak otsailaren bigarren astean agertu ziren, kukua ere aspaldi hemen dago.

 Goiz ere hasi ziren hegazti batzuk euren habiak prestatzen. Martxoan eskinosoaren habia ikusi nuen hiru txitorekin, handik egun batzuen buruan hilak ziren, hotzez segur aski. Egun haietan hotz handia egin zuen, baita izotza ere. Udaberria goiz hastea ez da beti abantaila.

Hegazti guztiak jo eta ke ari dira. Kantari, kortejatzen eta habiak atontzen. Duela aste batzuk ur-zozo bikotea ikusi nuen habia prestatzen, urtero bezala, zubi azpiko zulo batera goroldio puskak garraiatzen ari ziren. Handik hurbil buztanikara horia arrautzak inkubatzen ari zen erreka bazterrean egina zuen habian. Okil arra danborra jotzen hasia zen orain dela lau hilabete. Soinua eginez bere lurraldea zein den adierazi nahi du eta bidenabar emeari deitu. Duela hilabete bat aurkitu nuen okilek egin duten habi berria. Gaztainondo baten enborra zulatu zuten eta nire ustez, okil emeak arrautzak errun zituen, bi asteren buruan txitak jaiotzeko.

Joan den urtean orkatz eme batek bi ume umatu zituen maiatz hasieran. Geroztik jarraipen bat egin diet eta maiz behatu dut taldea. Harritzekoa bada ere, bi umeak aitzinera atera zituen. Otsail hasieran familia oraindik elkarrekin zegoen. Geroztik amak umeak utzi ditu. Orain bi gazteek, bat arra eta bertzea emea, elkarri segitzen diote. Tarteka bertze ar baten ondoan ikusi ditut. Egun hauetan ama ikusi dut ainarrak eta oteak dauden paraje batean, agudo umatuko da eta honelako habitata bilatzen dute umeak salbatzeko.

«Gure mendi, baso edota erreka bazterretan bizi diren animaliak ikustea eta ezagutzea pozgarria da»

Betitik gustatu zait basanimaliak behatzea. Burua eta gorputza osasuntsu mantentzeko botika ezin hobea. Aholkatzen dizuet. Bakarka edo talde txikian praktikatzeko jarduera garbia, naturala, hurbila, isila, zirraragarria eta merkea. Prismatikoak behar dituzu. Gure mendi, baso edota erreka bazterretan bizi diren animaliak ikustea eta ezagutzea pozgarria da.

Aunitzetan pentsatu dut  hobekiago ezagutzen ditugula urruti bizi diren animaliak bertakoak baino. Gehiago kezkatzen garela bertze kontinenteetan bizi den faunaz, bertakoaz baino. Gai gara Himalaiako lehoinabarra edo leopardoa edo Bostwanako elefantearen defentsaren alde sinatzeko eta aldi berean gure erbia desagertzen ari da eta ez gara jabetzen ere.

Aditu duzu inoiz okil beltzaren kantu zoragarria? Ikusi al duzu martin arrantzalearen abilezia arrantzarako? Musker berdea eguzkitan? Orkatza umeari esnea ematen? Ezagutzen duzu azkonarraren oinatza? Udaberria garairik hoberena da faunaren behaketaz gozatzeko. Animo !

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun