Ehizaren pribilegioak

Pandemiarengatik bizitzen ari garen krisi sanitario honetan, Nafarroako Ehiza Federazioak ehiza jarduera ezinbertzekoa izendatzea eskatu dio gobernuari, hau da, ehiztariek ez dezatela trabarik izan alde batetik bertzera mugitzeko. Adibide gisa argudiatu dute Erriberan untxi plaga omen dela eta bertze probintzietan bizi diren ehiztarien laguntza behar dutela. Beharbada ez dute jakinen untxien populazioa kontrolatzeko neurririk hoberena harrapariak izatea dela, bertzeak bertze, hontzak, arranoak, azeriak, basakatuak edo katamotzak. Jakin nahi nuke zer neurriak hartu dituen federazioak animalia harrapari horiek babesteko.

Gure inguruan ere antzeko eskaerak aditu ditugu. Zonaldeko udal batzuek ehiza aprobetxamenduak enkantera ateratzen dituzte. Bertako udal batek Nafarroako Udal Federazioari laguntza eskatu dio erranez Nafarroako mugak ixteagatik Gipuzkoako ehiztariek ezin dutela etorri eta dirua itzuli egin beharko diela (Diario de Noticias). 

Zuri zer iruditzen zaizu,  hemen eta gaur egun, ehiza jarduera ezinbertzekoa dela eskatzea? 

Hori onartzea ehizari bertze pribilegio bat ematea izanen litzateke.

Hona, nire ustez, ehizaren pribilegio batzuk:

  1. Urte guztian ehizatzen ahal da. Denboraldi orokorra abuztuaren 15etik otsailaren 28ra arte luzatzen da, hau da, sei hilabete eta erdi. Gainera bakarkako zelata-ehizan, espezie batzuk urte guztian (Nafarroako Gobernua, Ehiza-arauak 2020-2021).
  2. Herri gehienetan ehiza kotoak herriko lur guztiak hartzen ditu, partikularrak barne. Espainian lurraren %87 ehiza kotoa da (Jara y sedal aldizkaria). Nafarroan %93 (Espainiako Ingurumen Ministerioa).
  3. Ehiztariak pista eta mendi zoko guztietan sartzen ahal dira euren ibilgailuekin eta zakurrekin. Pista horietako batzuetan ehiztari ez garenok ezin gara sartu.
  4. Kalterik egiten ez duten animaliak hiltzeko eskubidea.
  5. Granjetan hazitako animaliak askatzea gero ehizean aritzeko eskubidea.

 Eta zergatik pribilegio hauek?

  1. Boteredun pertsona aunitz ehiztariak dira eta.
  2. Aunitz baitira, 848.000 lizenzia estatu osoan, 25.583 Nafarroan ( Ingurumen Ministerioa).
  3. Diru aunitz mugitzen omen dute, bortz mila milioi euroko estimazioa estatu osoan (Artemisan fundación).
  4. Gizartearen gehiengoari berdin zaiolakoz.

Interesgarria da Nafarroako Ehiza Federazioak aurten argitaratu duen Propuestas de la PAC post 2020 izeneko dokumentua. Bertan #La Caza También Vota leloa ageri da eta alderdi politikoei konpromisoa eskatu die hainbat helbururekin bat egiteko. Helburu horietako bat hauxe da: Eskoletako Hezkuntza Programazioetan ehiza jarduerak sartzea (Nafarroako Ehiza Federazioaren web orria)

Eta non daude ehiztari ez garenon eskubideak? Naturazaleak, natura maitatzen dugunak, mendian lasai ibili nahi dugunak, errespetuz, landareak eta animaliak behatzen… Gaia bertze aldi baterako utziko dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun