Pablo Casadok, PPko liderrak, Bilbon emandako solasaldi batean, Getxo Gipuzkoan kokatu zuen, eta horrek irrigarri utzi zuen, berriz ere. Deus egin gabe masterrak oparitzen dizkieten alderdiko buru izanik, ez da harritzekoa bere geografia maila eskasa izatea. Halere, euskaldunok uste bezain ongi ezagutzen ote dugu gure herria? Akaso, Berriz edo Ataun mapan egoki paratzeko ez dugu arazorik, baina Eiheralarre edo Zalgize adierazteko eskatuz gero? Nafarroaren Egunera eta Herri Urratsera egiten ditugu urteroko erromesaldiak. Horrekin kontzientzia asebete, eta hurrengo urtera artio ez gara sobera arduratuko Iparraldeaz. Hegoaldekook (h)egozentrikoegiak gara. Gero eta hegoalderago dagoen xilko borobilari begira bizi gara eta, dakizuen bezala, norberarena izan ohi da munduko handiena. Nonbait, Eusko Labela eta Rh negatiboa daukagun Hegoaldekoon xilkoa ere ez da arras ttipia.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.