Gimnasioekiko aurreiritzia, konparaziorako, guziz zabaldua dago. Orain, ordea, arrunt kanbiatu zait ikusmoldea niri. Osasun arazo bat tarteko, gimnasioan hasi behar izan dut, eta egunero bertan ikusten dudana film, aldizkari eta bertzelako iruditerietatik arras diferentea dela erraten ahal dut. Adineko jende franko (bai, 80 urtetik goitikoak ere bai), horietako aunitz, emakumeak. Haien ondoan, bertze makina batean, 20 urteko neska, 50 urteko gizasemea, edo 60koa…
Mediku errezeta programak, osasun profesionalen gomendioz, gimnasiora bidali ditu emakume eta gizon franko, eta kiroldegiko profesionalek (egiazko profesionalak!) gidatuta gimnasioan bizi berri (eta osasuntsuago) bat eskuratzen dute. Programa txalogarria eta eredugarria. Eta aurreiritziak hankaz goiti paratzeko modukoa. Horrelako gehiago behar ditugu, gure burua (eta gorputza, bidenabar) kanbiatzeko. Aurreiritziak hankaz goiti botatzeko, hurbildu ezagutzen ez duzun horretara.