Enbor bereko ezpalak ageri dira Gogoa pauso, pausoa bide dokumentalean ere. 1970-1990 urteen artean Bortzirietan euskara ongarritzen aritu zirenen testigantza bat. Dokumentalak iradokitzen du zuhaitzak, sendoa izateko, ura eta zainketa behar dituela, egunero. 50 urte hauek erakutsi digute utopiak egingarriak direla; hizkuntza biziberritzeko herritarrek dugun indarra eta ahalmena uste duguna baino handiagoa dela; komunitatea eta herria josteko euskararen babesean biltzea bezalakorik ez dugula; eta, batez ere, gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuek inoiz ez dutela korrontea alde, beti ibili beharko dugula haize kontra. Eta, hala ere, sinesten dut 50 urteren buruan izanen dela inor lur hau ongarritzen, landare berriak loratu daitezen.