Orain 30 urte, aldiz, bertzelakoa zen egoera. Bortzirietan ez zegoen udaleku idekien eskaintzarik. Hala, hiru gazteren ekimenez, martxan paratu genuen Kaxerna Aisialdi Taldea, eta euskarazko lehenbiziko udaleku idekiak antolatu genituen Beran. Arrakasta berehalakoa izan zen. Euskaraz, eta modu hezigarrian, ongi pasatzeko gune bat altxatu genuen. Hiru begiraleko taldea segituan bihurtu zen hamarrekoa, eta Lesakan ere izan zuen erreplika: Txalaparta Aisialdi Taldea. Elkarrekin antolatu genuen Udabentura, DBHko ikasleentzako.
Garai hartako haur aunitzek, gaur oraindik, oroitarazten digute zeinen uda ederrak pasa genituen elkarrekin. Euskarazko aisialdi eskaintza egiten segitzea berebizikoa da. Euskararen biziberritzeak dituen erronken artean dago aisialdi eskaintza erakargarria egitea. Pantailek eskaintzen ez dieten hizkuntza hautua emanez, hezigarria, sormena sustatuko duena, eta komunitatea eraiki. Eta udako eskaintza urte osora zabaltzea behar genuke helburu.