Sozialistek harrokeriaz gaztigatu gaituzte euskaldunak, gehiengoaren hizkuntza-eskubideak direla defenditu beharrekoak, ez gutiengoarenak. Ederra askatasuna konprenitzeko manera! Hori ez aski, eta euskaldunok, gure eskubideak defenditzerakoan, erdaldun elebakarrak iraindu eta zalantzan paratzen ditugula bota zuen, lotsagorritu gabe, Jurio eledunak.
Bide beretik hainbat epaile, funtzio publikorako sarbidea herritarren hizkuntza-eskubideen gainetik daudela erranez. Liburuzainak, medikuak edo administrazioko langileak euskararik ez dakiela? Horiek lan egiteko duten eskubidea dago gu euskaldun gizajoon gainetik. Zer uste genuen, bada?
Ildo beretik hasi dira ere iritzi-emaileak, enpresarien lobbyak eta erdaretako hedabide nagusiak euskararen kontrako gurutzadarekin: euskara kanpoko langileak erakartzeko oztopo dela.
Makurrena da, sarri-sarri, euskaldunok erosi egiten dugula diskurtso hori. Libertatea delakoan.