Bidasoan beheiti, ordea, porlanarekin batera, zubien alde itsusiak ageri dira. Bidaso bera gurutzatuagatik ere, bideak ez dira hain libre. Polizia-kontroletatik harago, traba guti azal zurikoontzat. Azalaren kolorea da pasaporte berria. Zuriek libre. Beltzaran eta beltzak kieto. Itxita Senegal, Kongo, Eritrea, Siria edo Afganistangoentzat. Libre europarrentzat, baita Ukrainako errefuxiatuentzat ere. Hipokrisia galanta eraiki dugu zubien bueltan.
Mendetan izan da Bidasoa migrazioen lekuko. Betidanik. Egun, aldiz, bertako biztanleek ez dugu zubi handirik eraiki nahi gure artean bizitzera etorri direnekin, pasoan direnekin. Gure artean ez baleude bezala jokatzen dugu. Elkartasun guti eta zubirik batere ez. Argazkietan zubiak dotore aterako dira, baina gure irudia, berriz, ez hain polit.