Politikarien kontra ere aritzeko aitzakiarik ez zaigu falta izan. Agintariek ausartago jokatzea nahi izan dut, maiz, eta, hala ere, ezin ditut denak zaku berean sartu: trakets, baldar aritu dira batzuk; ahal bezala erantzuten aritu izanen dira gehientsuenak; bertze batzuk, aitzitik, sekulako inplikazioarekin fin-fin aritu dira. Eta eskertu nahi ditut, bereziki, inguruko alkate eta zinegotzietako anitz.
Hobeak izan nahi badugu, bertzeen akatsak eta errudunak bilatu beharrean, geure onena atera eta elkarri laguntzeko ahalegina egin beharko dugu, komunitate gisa arituz. Oroitu, jokoan dugunak ez duela parekorik: osasuna.