Hemen da

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril Olaetxea 2018ko urr. 6a, 11:55

«Ekologisten asmakizuna». «Gezurra». «Interes batzuei erantzuteko taktika». Klima-aldaketa ezkutatu nahi duenik bada, baina, dagoeneko, gure artean da. Muturreko eguraldia gero eta maizago, eta paisaian ere sekulako aldaketak gertatzen ari dira. Hortxe bi adibide. Azken negu-udaberriko euri erauntsiak, errate baterako. Edo Endarlatsa aldeko ezpela arrunt idortu duen har berdea. Eta banda marroia, lehendik prozesionariak erasandako intsinis pinua hil duena.

Gibelera buelta ez da erraza, baina azken aukera bat omen dugu, neurri gogorrak orain hartuz gero. Ez da bakarrik agintarien kontua, herritarrona ere bada. Ohiturak aldatu behar: urrutiko elikagaiak eta erosgaiak beharrean, bertakoak erosi; behar baino gehiago ez kontsumitu; autoa etxean utzi eta oinez edo bizikletaz mugitu, ahal den guztietan; ahalik eta hondakin gutien sortu, eta sortutakoak ongi bereizi bortz edukiontzitan; energia berriztagarrien alde egin… Hemen da, eta guk ere elikatzen dugu klima-aldaketa. Eginen dugu zerbait egoera iraultzeko?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun