Alferrik

Alferrik. Zenbat eta zenbat gauza egiten ditugu alferrik? kontatzen hasiko bagina, iruditzen zait uste duguna baina gehiagotan gaudela edo aritzen garela alferrik. Etxean, esaterako, zenbat denbora galtzen dugun alferrik, zer egin ez dakigula. Mugikorra hartu, telebista ikusi, zerbait jan… Ez norbaitek idatzi digulako, albistegiak ikusi nahi ditugulako edo gosea daukagulako; zer egin ez dakigulako.

Askok egoista edo neurekoia naizela pentsatuko duzue agian, baina etxebizitzen portal garbiketetan ere, ez al gara gehienetan alferrik aritzen kristalak garbitzen, erratza pasatzen eta fregonarekin lurra igurzten? Guri garbitzea tokatzen zaigun aldiro, egindako lanaren %75a alferrik egiten dugu. Lau solairu dituen bloke bateko lehenengoan bizi gara, eta hala ezarrita dagoenez, eskailerak eta kristalak goitik hasi eta beheraino garbitu behar dira (behetik hasi eta goraino egitea zail samarra delako erratzarekin). Noiz erabiltzen ditugu guk 2, 3 eta 4. solairuko eskailera eta kristalak? Inoiz ez, garbitzerakoan soilik. Beraz, portala garbitzea tokatzen denean ere alferrik aritzen gara aldiro, zikintzen ez duguna garbitzen.

Bidesariak ere, jakin nahi nuke zenbat eta zenbat euro ordaintzen ditugun alfer alferrik, aspaldi ordainduta eta ederki amortizatuta dauden errepideak erabiltzeagatik. Gaur egun bidesaridun errepideen funtzioak bi direla sinetsita nago: hiru kilometroz behin izaten diren Bypass-engatik abiadura motelean joatea eta bidesariaren langak dauden guneak aprobetxatuz kontrolak jartzea. Hau da, hainbat eta hainbat euro alfer-alferrik ordainduak.

AHTarekin ere antzeko. Tamalgarria da ikustea nola 500 urteko baserriak eraisten dituzten eraikuntzen kamioiak igaro daitezen, lurra zulatu eta hormigoiz eginiko 100 metroko habeak nola sartzen dituzten ikustea bezala. Hau ere zertarako? Alferrik. Iruñetik Gasteiza bost minutu lehenago iristeko? Hobea litzateke tren sozialaren ibilbidea indartu eta eskaintza zabalagoa egitea eraikita dagoen azpiegituraren gainean, eta ez lurrak txikitu eta milioiak eta milioiak alferrik xahutzea.

Horiek bezalako beste hainbat adibide daude gizakiok alferrik egiten ditugun gauzenak, alferrik galtzen dugun denborarenak. Baina zentratu nadin, esan nahi dudana esateko. Horixe da nik sentitzen nuena aldizkari honetarako kolaborazio bat egiten nuen aldiro. Alferrik ari nintzela sentitzen nuen, ez nuela ezer esateko. Ordenagailuko pantailaren aurrean jarri eta zeri buruz idatzi pentsatzerako, alferrik galtzen nuen ordu bat. Gero, askotan, esan nahi nuena ere zer zen oso ongi ez jakiteko.

Baditut pentsatzen dudana esateko eta nire iritzia emateko beste aukera eta leku batzuk, erosoago sentitzen naizenak eta alferrik ari ez naizela uste dudanak. Horietan segiko dut, eta aldizkari honetako tartekako toki hau beste norbaiti utziko diot, egiaz zerbait esateko nahia eta gogoa duen norbaiti.

Batek daki, etorkizun batean agian itzuliko naiz hona, alferkeria gutxiagorekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun