Bukatu da txankletekin kalera irtetea, astebururo inguruko herriren batean festak izatea, tirantedun kamiseta jartzea, pertseida garaia, gauez terraza batean izozki bat jatea, hondartzan edo igerilekuan botata edo bainu bat hartuz arratsaldea igarotzea, udarako maitasun istorioak (eduki dituenarentzat), eguzkitarako betaurrekoen erabilera masiboa, etxean kamisetarik gabe ibiltzea, entsalada eguneroko menu izatea, igande ilunabarrez astelehena kostaldean pasatzea…
Esanen nuke guztioi (edo ia guztioi) gustatzen zaizkigun gauzak direla horiek guztiak. Pena pixka bat eman dezake hori atzean uzteak, baina hostoen erorrerak badakartza udarak eskaintzen ez dizkigun beste hainbat plazer ere. Berekin dakar aurreko negutik itxita egon den armairua ireki eta neguko arropak eta txamarrak ateratzea, ostiral iluntze batez lagunekin pelikula bat ikusteko geratzea, mendiko botekin kalera ateratzea, inguruko mendiak berdetik laranja kolorera nola pasatzen diren ikustea (aurten nahi baino gorriago eduki ditugun arren), egun osoa izerditan ez pasatzea, perretxiko bila joatea, bertsolari txapelketa bueltan izatea, batzuentzat futbol ligaren itzulera ere pozgarri izanen da, desorduekin amaitu eta bizitza pixkanaka ordenatzen joatea…
Udak desordenatik izan dezakeen adina izan dezake udazkenak ordenatik, eta nire ustez horrek ez du ezer txarrik. Ikasturtean zehar pilatutako zamak eta ardurak alboratuta egon dira bi hilabetez, baina berriro ere horiei eusteko garaia da. Noski beharrezkoa dugula desinhibitzea eta buruari arnas hartzen uztea, baina amaierarik ez duen etengabeko uda batean bizitzea ez zait aukerarik egokiena iruditzen.
Gogotsu heltzen diot udazkenari, ziklo berri baten hasiera modura ulertzen baitut. Berriro hasi eta eraikitzeko garaia da, etorkizunean non egon nahi duzun proiektatu eta hara bidean lehenengo pausoak erabaki eta emateko garaia. Beroarekin burutik ihes egindako zentzua freskurarekin berriro bueltan etortzen delakoan nago, eta dagokion prismatik begiratzen baldin bazaio gozatzeko aroa izan daiteke berdin-berdin, edo gehiago.
Beraz gorde txankletak armairuan, hasi udazkeneko arropa lodixeagoak ateratzen eta udan zehar bildutako energia, oroitzapen on eta deskantsuak baliatuz ekin gogotsu orain arte izandako ikasturterik garrantzitsuenari. Joandakoak joan ziren, datozenak etorriko dira; baina bitartean aprobetxatu berriro ere zerotik hasi eta orain arte egin gabekoa egiteko.