Eguberrietako argiak

Artikulu hau idazten ari naizen unean, Gabon gaua eta Urtezahar gaua pasatu dira; errege bezpera ez oraindik. Eta egon naiz azkeneko aste hauetan Donostian, Iruñean, Gasteizen… baita Euskal Herriko beste zenbait herritan ere. Eta urteroko itxura berbera hartu dute aurten ere kaleek: pinu berdeak, girlandak, bolak, elurrezko panpinak, bastoi itxurako goxokiak, Olentzero eta Mari Domingi, Hiru Errege magoak… Denetik aurkitu daiteke gure kaleetan apaingarritzat ditugun argietan.

Baina niri ez zaizkit batere gustatzen, egia esan ez zaizkit inoiz gustatu izan. Alde batetik, noski, alferrikako gastu bat direlako eta jendeak bere etxeko argia ordaintzeko dirurik ez daukanean kaleak alferrikako kolore distiratsuz betetzen direlako, Jesusen jaiotza edo urte berriaren etorreraren aitzakiapean. Gainera aurten maximo historikoetan dago argindarraren prezioa. 302,48 eurotan zegoen megawatta abenduaren 16an, inoiz izan den garestiena. Alde batetik horregatik ez ditut maite Gabonetako argiak.

Aurten, ordea, sinbolikoki inoiz baino zentzugabeago ikusten ditut. Existitzen ez den ilusio faltsu baten isla besterik ez dira. Kalean ez dago pozik, jendea kokoteraino dago (gaude), pauso bat aurrera eman orduko lau ematen ditugu atzera, etsipena eta nekea nabari da jendearen aurpegian eta hitzetan. Eta bitartean geure buruen gainean koloretako panpinak, zuhaitzak eta inoiz ulertuko ez ditudan figura arraroak dauzkagu, neguaren hasierako egun ilunei argi egin eta zoriontasuna banatzeko. Urre kolorez margotutako kakaren antzeko zerbait.

Zorionak. Esaldi hori ere ohikoa da Gabonetako argietan. Aurten, ordea, zeri zorionak? Nik zorionak norbaiten urtebetetzea denean edo desio duen zerbait lortzen duenean esaten diot, ospatzeko zerbait dagoenean. Aurtengo Gabonetan, ordea, zer daukagu ospatzeko? Tabernak itxi dizkigutela berriro ere 01:00etatik aurrera? Leku askotara sartzeko Covid-ziurtagiria eskatzen digutela? Pandemiako bi urteren ondoren osasungintza kolapsatuta dagoela eta herritarron gain jarri dutela gaitzaren kudeaketa eta ardura? Ez dakit, baina ospatzeko askorik ez daukagula iruditzen zait niri.

Badago, ordea, zentzua hartzen diodan Gabonetako argien figura bat: izar iheskorra. Leku batzuetan ikusten dira oraindik ere forma horretako argi batzuk, eta horiek dira niretzat egoera honetan zentzua duten bakarrak. Izar iheskor bat ikustean desira bat eskatu behar omen da, eta iruditzen zait batek baino gehiagok eskatu izan dugula aurten bi urte atzera egitea, zoriontsu(ago) ginen garaira itzultzea; Eguberrietako argiek zentzu pixka bat gehiago zuten garaiak bizitzea berriro ere. Ikusiko da argizko izar iheskorrak kasu egiten digun, edo benetan ilusio faltsu bat besterik ez den.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun