Larrialdi egoeran gaude

Gazteok larrialdi egoeran gaude. Eta ez nik esaten dudalako, edo Estatu Espainiarrak alarma egoera dekretatu zuelako mundu mailako pandemia baten baitan; datuek esaten dutelako baizik.

2021eko martxoko datuak dira hauek (batzuk Euskal Herrikoak eta beste batzuk Hego Euskal Herrikoak), eta gako interesgarriak izan daitezke gazteon prekarietate maila zein den ulertzen laguntzeko:

  • Ofizialki 16.196 gazte daude langabezian, eta kopuruak gorantz doaz (HEH).
  • Emantzipatzeko bataz besteko adina 30 urtetan dago (HEH).
  • Gurasoen etxetik kanpo bizitzea lortzen duten gazteek, soldataren %45 alokairua ordaintzeko erabili behar dute (EH).
  • 263.897 etxe huts daude (EH).

Zenbaki esanguratsuak dira ikusteko gazteria dela beste behin ere sektore kolpatuenetako bat krisi garaian. Baina ez krisi ekonomikoan soilik, krisi sozialean ere gazteok lehen lerroan egon gara eta gaude gaur egun ere, kolperik handienak jasotzen (poliziak emandakoak, askotan). Gure izatea ere galtzen ari garela dirudi, geroz eta lotuago, geroz eta otzanago egin nahi gaituzte. Gizaki izateari ere utziko diogu bide honetan jarraituz gero.

«Gure izatea ere galtzen ari garela dirudi, geroz eta lotuago, geroz eta otzanago egin nahi gaituzte»

Gizakia beste animaliengandik ezberdintzen dutenak, bi ezaugarri hauek dira: Aristotelesek zioen gisan 'animalia sozialak' garela, eta Anestesia musika taldeak zioen modura bere burua atxilotzen duen animalia bakarrak garela. Ez nuen inoiz usteko, baina eskerrak eman beharko ditugu kartzelak beterik izateagatik… Izan ere, animalia soziala izatearena aspaldian ahaztuta daukagu zer den ere. Elkarrekin harremanak ere debekatu digute, gure lagunekin, etxekoekin, gertukoekin… Baita ezezagunekin ere, eta hori ere behar dugu.

Depresio eta suizidio kasuek nabarmen egin dute gora azken urtean: ezin dugu harremanik izan, aisialdia mugatu digute, etxera noiz joan behar dugun agintzen digute, 'mugak' itxita daude (Cortesera joan naiteke 171 kilometrotara egonik, eta ezin ditut 8,5 kilometro egin Berastegira joateko), pandemiaren kudeaketan ez da gardentasunik egon… Neke pandemikotzat izendatu denak gain hartu digu, epe ertain-luzerako aurreikuspenik ezin dugu egin, eta nekatuta gaude gizartearen ardurak indibidualki ordaintzeaz.

«Beste guztiak, alfonbraren azpian gordetako kaka guztiak bezala, bertan jarraituko du»

Eta dirudienez, maiatzaren 9an guztia aldatuko da. Maiatzaren 10a zerogarren eguna izanen da, mundu berri baten hasiera. Alarma egoera kenduko dute, motzean lotuta dugun katea pixka bat askatuko digute, baina lotuta eta larrialdi egoeran jarraituko dugu. Marmotaren eguna bezalakoa izanen da, egun joan eta eguna etorri, ez da ezer aldatuko; asko jota Berastegira joan ahalko gara, eta 23:00ak baino pixka bat beranduago itzuli. Beste guztiak, alfonbraren azpian gordetako kaka guztiak, bertan jarraituko du.

Horren aurrean, aukera bakarra geratzen zaigu: antolatzea, borrokatzea, erantzuleak zein diren markatzea eta nekea eraldaketa sozialerako eta burujabetzarako grina bihurtzea. Gazteon esku dago gure oraina borrokatzea, horregatik maiatzaren 7an kalera aterako gara, legeari izena aldatu arren larrialdi egoeran jarraitzen dugula salatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun