Gazte sortzaileak

Prekarietatea gero eta gehiago entzuten den hitz bat da gaur egungo gizartean, eta ez arrazoirik gabe. Lanpostu ezegonkorrak, soldata negargarriak, baldintza ezin txarragoak...eguneroko ogia dira egungo langileentzat. Gazte esparruan prekarizazio hau are basatiagoa da, adibide argia dira banaketa-zerbitzuetan pairatzen diren egoerak.

Baina ni nirean zentratuz, gazte sortzaile modura jasaten ditugun egoerak argitara ateratzeko asmoz nator. Nire arloan, bertsolaritzan, zuzenekoa da gazte izateak duen eragina. Espazio antzeko samarretatik deitzen gaituzte normalean: gazte sariketetatik (adinez edo sariketa guztietatik pasatu arte), gaztetxeetako saioak, gazte-saioak (ez daudenak hain zabalduta, zoritxarrez)... beti daukagu «gazte» hitza erantsia; bertsolariak baino bertsolari gazteak gehiago gara. Emakumeekin edo lurraldetasunarekin gertatzen den bezala, askotan kuota edo kupoa betetzeko deitzen gaituzte saioetatik, gazte bat behintzat egon dadin.

«Leku zehatz batzuetan bertsolari zehatz batzuk deitzera ohituta daude, lehen mailakoak deituko genituzkeenak»

Plazak esleituta daude, funtzionarioekin gertatzen den gisan. Leku zehatz batzuetan bertsolari zehatz batzuk deitzera ohituta daude, «lehen mailakoak» deituko genituzkeenak. Eta zirkuitu horretan sartzea oso zaila dago, nahiz eta batzuk lortzen duten. Txapelketek markatzen dute zirkuitu horretan sartzeko erritmoa, bertan «erakutsi» behar da, mundutxo horretan sartu nahi baduzu. Bestela, tartean-tartean saioak eduki ditzakezu, baina ez da zerbait konstantea izango. Dirurik ez dagoenean ordaintzeko, gu deitzen gaituzte, askotan mesede bat egiten ariko balitzaizkigu bezala, plaza bat eskaintzeagatik. Eta egia da eskertzekoa dela gazteen aldeko apustua egitea saio bat antolatzeko orduan, baina kontzientea baldin bada, ez baldintza ekonomikoengatik «maila altuagoko» bertsolariei ordaindu ezin dietelako deituz gero.

Nire esperientziatik gertatu izan zait saio batean kantukideek baino gutxiago kobratzea, herritik kanpo den bertso saioetara joan eta azkenean dirua galtzen ateratzea...

Eta noski ez gabiltzala mundu honetan aberasteko asmoz, futbolari izaten saiatuko baikinateke bestela. Baina baldintza minimo batzuk bermatu beharko liratekeela uste dut: harrera eta tratu duin bat egitea, dirurik galtzen ez ateratzea eta gutxieneko baliabideak (mikrofonoak...) bermatzea, besteak beste.

Hala ere, goraipatzekoak dira gazteon aldeko hautu kontzientea egiten duten antolatzaileak, ate bat zabaltzen digutenak gazteoi gustatzen zaigun horretan jardun gaitezen, gozatzen eta gozarazten jarraitu dezagun. Gutxinaka bidea egiten joango gara, gazteok asko baitaukagu esateko!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun