Eta ez da zehazki guri hainbeste gustatzen zaigun desfasea, herriko pestetan txosnako barran goizeko zortzietan ematen den desfasea. Kurtso hasiera bezala ere izendatu dute batzuek.
Ikasturte berria hasi da, eta inork ez dakigu non gauden. Unibertsitaterako matrikula egiteko garaian %75eko aurrez aurreko ikaskuntzaren bermea eskaini zigun EHUk, emandako hitza betetzeko gai izanen zenaren ustetan. Hiru aste igaro dira klaseak hasi direnetik eta campusa zapaldu ere ez dut egin. Beste ikasturte batzuetan hautu propioz gertatzen zen hori, aurten, ordea, halabeharrez.
Batzuei ordulariak eskuetan leher egin die. Iraila iristear zela, EAEn hezkuntzara itzulera prestatzen aritu beharrean, lehendakariordearen postu (ia) gorena nork beteko zuen erabakitzen ari ziren. %75ko aurrez aurrekotasuna bermatu zutenean egin genituen guztiok ikasle pisuetako kontratuak, eta hor gabiltza orain, pisuarekin baina aurrez aurreko klaserik eman gabe.
Egun batzuetan sei ordu telematikoki jarraitzea da gure ikasturteko ordutegiak eskatzen diguna. Sei ordu pantaila bati begira egotea, beste pantaila bati hizketan ari zaion irakasle bat ikusiz. Eta irakasleak ere, normala den bezala, ez daude prestatuta egun batetik bestera beraien ikasgaiak telematikoki ematen hasteko, egoera berrira egokitu behar izan dira, baina ez da beraiei dagokiena.
«Langileei, ikasleei eta hauen familiei ez zaizkie beharrezkoak diren bermeak eskaintzen ikasturtea ganoraz hasteko»
Irailaren 3an Nafarroako hezkuntzako eragileek ikasgeletara itzulera seguru eta adostu bat nahi zutela eskatu zuten, eta irailaren 15ean EAEko Hezkuntza Komunitateak greba deitu zuen, hezkuntzara itzulera aurrez aurrekoa eta segurua izan dadin eskatzeko. Ordutik igaro da denbora eta, gauza gutxi aldatu direla uste dut. Langileei, ikasleei eta hauen familiei ez zaizkie beharrezkoak diren bermeak eskaintzen ikasturtea ganoraz hasteko. Beste behin ere, lehen pertsonan bizi dugunon hitza ez da entzun, ez da errespetatu eta bestelako interesak gure beharren gainetik jarri dira.
Covid-19aren krisiak azaleratu egin ditu lehenagotik hezkuntzan zeuden gabezia, ezin eta hutsuneak. Bertan egunerokotasunean bizi garenon hitza errespetatzea da eskatzen duguna. Hezkuntza Komunitateko zati garen heinean, erabakien parte ere izan behar gara. Horretarako, ordea, Euskal Herriko eskola eredu propioa, euskalduna, herritarra eta burujabea beharko dugu. Ikasturteak nola-hala eginen du aurrera, eta guk ere bide horretan jarraituko dugu, nola-hala.