Azaroak 29

Erabiltzailearen aurpegia Joan Mari Beloki Kortexarena

Azaroaren 29an Madrilgo Gorteetarako botoa ematera deitu gaitu Pedro Sanchezek. Komunikabideek ematen dioten tarteengatik eta Estatuak inbertitzen duen dirutzagatik, garbi dago agintzen dutenentzat egunak garrantzi handia duela.

Europako Batasunan, eta Mendebalde osoan ere, gobernura iristen direnek urte gutxi irauten dute, herritarron aurkako neurriak maiz hartu behar izaten dituztelako. Gobernuan daudenak ez direlako benetan agintzen dutenak. Hauteskundeetara aurkeztu gabe, atzean gordeta egoten dira erabakiak hartzen dituztenak. Betidanik «aberatsak» esan izan zaie. Gaur egun, oligarkia, korporazioak, multinazionalak, putre funtsak... oso dirudunak direnak, alegia.

Beraz, botoa ematean, putre funtsen eta enparauen erabakiak bideratzen dituzten politikoak hautatuko ditugu. Ez egiazko agintariak. Oso hitz politak esan bai, baina gero bizi baldintzak txartu eginen dizkigute. Ez nahi dutelako, segur aski, baina bai ilunpetik agintzen dutenek hartara behartzen dituztelako. Kasurik egin ezean, komunikabideek beren izenak azalduko baitituzte egin duten akatsen baten berri emanez.

Madrilgo Gorteetan estatuaren interesak kudeatzen dira. Beraz, zer jokatzen dugu egun horretan euskaldunok? Gauza bakarra. Hurrengo urteetan aspaldi entzuten ez diren Euskal Herriaren aldarrikapenak Madrilen ozen entzutea ala, azken urteotan bezala, Estatuko agintariek entzun gabe segitzea.

Euskaldunon aldarrikapen nagusia burujabetza da. Horrek esan nahi du Konstituzioak autodeter-minazio eskubidea jaso behar duela. Eta, hortaz gain, Hegoaldeko lau herrialdeek instituzio-nalki konfederatuta antolatzeko aukera geure esku edukitzea.

Hori lortu bitartean, epaileek euskarari ostikoak ematen jarraituko dute, ikasketetako curriculuma ez da gure eskuetan egonen, Gizarte Segurantzak arrotzen eskuetan jarraituko du... eta armadak, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak hemen jarraituko dute Estatuaren inposaketak betearazteko.

PP-Vox bikotea ez da aukera baliagarria guretzat. Bigarren aukera PSOEren inguruan antola litekeen gobernu koalizioa da. Hau tresna egokia den ala ez erabakitzeko, azken zortzi urteetako lanari erreparatu beharko zaio. Norberak baloratuko du bi legegintzaldi hauetan koalizioak zenbat urrats eman duen gorago aipatu ditugun puntuen inguruan.

Bada gobernu koalizioak jorra lezakeen beste bide bat. Ez lioke oraindik independentziari atea zabalduko, baina aurrerapausoa izanen litzateke, estatu konfederala. Moneta, estatuaren mugak, muga zergak, nazioarteko harremanak eta halako beste eskuduntza batzuk ez beste guztiak euskaldunon esku geratuko lirateke.

Burujabetza nahi dugun euskaldunok hautu bat egin beharko dugu azaroaren 29rako: azken bi legegintzaldiak ikusita, proposatuko zaigun gobernu koalizio berriari konfiantza eman ala ukatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun