Nondik norako berberak

Erabiltzailearen aurpegia Joan Mari Beloki Kortexarena 2026ko apirilaren 12a

2026an bi gerra handi eta odoltsu ari gara bizitzen. Biek urrutikoak dirudite, baina biek astindu digute bizimodua.

Guri inork ez digu eraso, baina gure agintariak milaka milioi euro eta armak bidaltzen ari dira Ukrainara eta diru hori ez da inoiz inbertituko hemengo ospitaletan, eskoletan edo alargunen pentsioak hobetzen, adibidez. Iran urrutiago dago, baina, irandarrek Ormuzko Itsasartea partzialki itxi dutenetik gasolina ederki igo zaigu eta azkar garestituko zaizkigu janariak, jantziak eta gainerakoak.

Ukrainako gerra estatubatuarrek piztu zuten 2014an, Yanukovitx presidenteari estatu kolpea antolatu ziotenean. Presidente horrek bere herrialdean bakea nahi zuen eta horretarako, Errusiarekin eta EBrekin negoziatzen zuen. Baina yankien helburuak bestelakoak ziren eta Errusiari eraso egiteko prestaketak abiarazi zituzten, gobernuaren politika aldarazteko asmoz. Horretarako, Zelenskirena bezalako gobernua elikatu dute, nahiz eta naziek sostengatuta izan, nahiz eta Sobiet Batasunatik independentzia eskuratzeko Ukrainak 1991n NATOn ez zela inoiz sartuko sinatu zuen, nahiz eta herritarren kexak isilarazteko milaka ukrainar hil dituzten Donbass behin eta berriz bonbardatuz. Errusia Ukrainako lurretan sartu zenean Errusiaren eta errusiarren eskubideak babesten ari zen, naziei eta bonba nuklearrak bertan jarri nahi zituzten yankiei aurre eginez.

Iranek, berriz, Israelek nahi lukeen Israel Handia egitasmoa du aurrez aurre. Palestina, Zisjordania, Libano, Egiptoren eta Siriaren zatiak… nahi baititu. Egungo gerraren aurrekari hurbilena 1980-88an dugu, Sadam Husseinek zortzi urteko gerra eragin zionean, AEBren beso armatu bezala jardun eta milioi bat inguru irandar hil zituelarik. Oraingo gerra hau 2025eko ekainean hasi zen 12 Eguneko Gerra deituan. Israelek hasi zuen eta AEBk eten. Aurrerago, urtarrilean, Mossad eta CIA saiatu ziren gobernuaren aurkako altxamendua eragiten. Horren porrotaren ondotik, otsailaren 28an, AEBk erasoari ekin zioten heriotza ugari eta kalte material izugarriak eraginez. Baina Iran tinko ari zaio eusten eta ez du burua makurtu.

Bi gerrak AEBk piztu dituzte. Bietan zilegizko gobernuak aldatzea bilatu dute. Bietan gobernuburuak hiltzen saiatu dira. Bietan aise gailenduko zirela pentsatu zuten eta bietan galtzen ari dira, harropuzkeria hegemonikoagatik. Errusia eta Iranek beren buruen jabe izaten jarraituko dute.

Europako gobernuek jarrera kontraesankorraz dihardute. Ukrainako gerran, erasotzailearen alde. Iranen kasuan, berriz, erasotzaileei oztopoak jartzen. Bi gerretan AEBk dira erasotzaileak. Errusia eta Iran, berriz, erasotuak. Agintarien eta komunikabideen bide okerra zuzentzeko, Europako herritarrok jarrera aktiboa beharko genuke. Munduaren segurtasun globala dugu jokoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun