Ukrainako gerrari amaiera emateko sortu den azken ekimena Donald Trumpen 28 puntuko dokumentua da. Oraingoz dakiguna zera da: Vladimir Putinek eztabaidarako oinarrizko dokumentu gisa balekotzat jo duela eta Volodimir Zelenskik, berriz, herrialdearen duintasuna eta interesak defendatuko dituela esan duela, ontzat eman ala baztertu egiten duen argitu gabe.
Donald Trump eta Vladimir Putinek Alaskan zerbait adostu zutela eman ziguten aditzera eta ekimen horretatik amaierarako bide bat sor zitekeela zirudien. Baina Zelenskik inola ez zuela onartuko esan omen zion presidente estatubatuarrari eta D.Trumpek izoztuta utzi zuen V.Putinekin Alaskan hitzartutakoa.
Geroztik, bi berri deigarri zabaldu dira Ukrainako gatazkaren inguruan: batetik, militarki Ukrainako armada hainbat lekutan kolapsatzen ari dela, eta gero eta nabarmenago ikus litekeela gerra irabazteko aukerarik ez duela. Bestetik, AEBn soilik erabil daitezkeen ehunka milioi dolar aurkitu dituztela Zelenskiren hurbil-hurbileko jendearen eskuetan. Ustelkeriaren berriek Zelenskiren sinesgarritasuna oso maila eskasean utzi dute nola munduan hala Ukrainan bertan ere.
Bi arrazoi hauek izan omen dira, Alaskako bileraren ondorengo geldialdiaren ondoren, presidente estatubatuarraren ekimena orain berrabiarazteko arrazoia. Korporazioen interes ekonomikoak dokumentuan sartu izanak indartu egiten du D.Trumpen dokumentuaren balioa.
«Garbi dago orain idatzia dagoen bezala dokumentua ez dela inora iritsiko. Baina gerra Errusiak irabazia duenez, dokumentuak arrakasta izan lezake errusiarren asmoak jasotzen badira»
Garbi dago orain idatzia dagoen bezala dokumentua ez dela inora iritsiko. Baina gerra Errusiak irabazia duenez, dokumentuak arrakasta izan lezake errusiarren asmoak jasotzen badira. Bestalde, Europako Batasuna urte hauetan AEBen morroi leiala izan denez, orain ere AEBko presidentearen arrastoari jarraitu beharrean da. Harrizko gonbidatua da. Eta Ukraina beste hainbeste. 2022ko apirilean Boris Johnsonen gerrari eusteko proposamena onartu zuenetik, Zelenskik AEBen esku utzi zuen Ukraina.
1991n Sobiet Batasunetik independentzia eskuratzerakoan, Ukrainak NATOn ez sartzeko konpromisoa hartu zuen. 1996ko lehen Konstituzioan konpromiso hori jasoa geratu zen. 2014ko Maidango estatu kolpearen ondoren, Parlamentuak Konstituzioa aldatu eta NATOn sartzeko bideari ekin zion. Ukrainak sinatu zuen neutraltasun militarra Zelenski eta enparauek hautsi ez balute, gerra hau ez zatekeen piztuko. NATOn sartzeko apustua egin zutelarik, Ukraina itoa bukatzera kondenatu zuten.
Dokumentuan D.Trump errusiarrekin izandako harremanetan hitz egindako eduki garrantzitsuenak jasotzen saiatu dela ikus liteke, nahiz hainbat puntutan errusiarren ezezko biribila aurreikus daitekeen. Garbi ikus liteke eztabaidatzeko zirriborroa dela. Bat-batekotasuna eta nahas-mahaskeria nagusi dira dokumentuan. Koherentziarik ez duen arazo mordo baten zerrenda besterik ez da. Hala ere, Vladimir Putinek puntu batzuk negoziagarriak direla esan du. Beraz, zerbait positiboa lortzeko itxaropena badu.
Filtrazioaren helburua negoziazio prozesua etetea zen. Baina dokumentuak bizirik dirau eta bi aldeek serio hartu izanak hurrengo egun edo asteetan erabaki garrantzitsuak etorriko direla pentsatzeko bidea ematen dute.
Dokumentuaren puntu garrantzitsuenak
- 7 eta 8. puntuetan gerra honen funtsa ukitzen da. Ukraina ez da NATOn sartuko eta NATOk ez du Ukrainako lurrik zapalduko.
- 6. puntua. 2022an, OMB hasi zenean, Ukrainako soldadu profesionalak 250.000 inguru ziren. Urte horretako Istanbulgo negoziazioetan Ukrainak kopurua 85.000ra murriztea onartu zuen. Trumpen dokumentuak 600.000 proposatzen du. Errusiak ez du onartuko.
- Segurtasunari eragiten dioten hainbat puntu daude. Europa osokoari dagokionez, gutxienez, 3, 4, 9, 15 eta 17. puntuetan ukitzen da, hainbat modutan. Gogoan izan behar da AEBek 1991n NATO Errusia aldera milimetro bakarra ere ez zabaltzeko emandako hitza zapuztua mantentzen dutela oraindik. Hortaz, NATO gehiago ez zabaltzea ala NATOren arma arriskutsuak 1991ko puntura eramatea da kontua? Zeren Errusiak erantzun simetrikoa emanen balu, Kuban, Venezuelan, Nikaraguan… arma nuklearrak koka litzake. Baina dokumentuaren helburua Ukrainako gerrari amaiera ematea denez, ez du zentzurik puntu horiek dokumentu honetan txertatzeak.
- 21. puntuak erredakzio berria behar du. Batetik, Errusiak ez duelako onartuko bere Konstituzioan dagoeneko txertatuak dauden Krimea, Luhansk, Donetsk, Zaporozhie eta Khersonen inguruan aldaketa instituzionalik. Bestalde, Vladimir Putinek esana du soldadu errusiarren odola isuri den lurrak Errusiaren esku geratuko direla.
- 13. puntua ez da serioa. Errusiari konfiskatu zaizkion 300.000 milioi euroak Errusiarenak dira eta errusiarrek bakarrik erabaki dezakete zer egin beren diruarekin.
- 20. puntuan nazismoa debekatzeko egiten den aipamena Errusiak onartu eginen du.
Ondorioak
Filtratu den dokumentuaren nahasmenak ongi adierazten duen bezala, oraindik bide luzea geratzen da bi aldeek sinatzeko moduko hitzarmenera iristeko. Hala ere, ukrainarren jarreraren arabera, gerta liteke Trumpek bere indarrak Ukrainatik erretiratzea. Horrek gerra berehala amaitzea ekarriko luke.
Ukrainako eta Errusiako gobernuen helburuak kontrajarriak dira eta ez dago puntu komun batera iristeko aukerarik. Gerraren bilakaera militarrak finkatuko ditu amaieraren baldintza nagusiak.