Kirola eta politika ongi uztartuta

Erabiltzailearen aurpegia Joan Mari Beloki Kortexarena 2025eko urriaren 5a

Amaitu da Vuelta-2025. Italiako Torinotik abiatu zen abuztuaren 26an eta lau egunez Italiako eta Frantziako lurrak normaltasunez zeharkatu ondoren, Kataluniako Figueresen bizi izan zuen Palestinarekiko lehen elkartasun ekintza, Israel Premier Tech taldeari ekintzaile talde bat jazarri zitzaionean. Ondoren, Euskal Herrian, Galizian eta Madrilen izan dira handienak, Espainiako hiriburuan azken etapa bukatu ezinik geratu arte. Arazo asko eta eztabaida handiak ikusi ditugu egunotan mundu osoko telebista eta egunkarietan.

Palestinarekiko solidarioen aurka jazarri diren politikari, kazetari eta abarrek bi argudio erabili dituzte nagusiki beren kritiketan. Lehenik, protestak «biolentoak» izan direla. Ez dut uste hala izan denik, hamazazpi egunetan ekintza ugari izan baita, milaka lagun mobilizatu dira eta ziklista bakar batek ez baitu solidarioen jarreragatik kalte fisikorik jasan. Min hartuta erretiratu behar izan duen ziklista bakarra, Javier Romo, atzera begiratu eta distraituta erortzeagatik izan da.

Bigarren argudioa aspaldiko topikoa izan da: «Kirola eta politika ez dira nahasi behar». Egungo sistema politikoari bere horretan eutsi nahi diotenek hamarkadak daramatzate lelo hori astintzen ekintzaileen jarduerak gutxiesteko. Baina, ba al du zentzurik leloak? Lege nagusia den Konstituzioaren 43.3 artikuluan «Botere publikoek osasun hezkuntza, gorputz hezkuntza eta kirola sustatuko dituzte» irakur liteke. Geroago, Konstituzioaren aginduz, 2024ko abenduaren 30ean, kirol jarduera arautzen duen legea onartu zen Madrilgo Parlamentuan eta Espainiako Errege Felipe VI.ak sinatu zuen baliozkotzeko. Ekimen politikoen zerrenda zabalduz, Europako Kontseiluak 2021eko urrian Kirolaren Europako Gutuna onartu zuen eta Kontseiluko kide diren herrialde guztientzako gomendio gisa zabaldu zuen Europako Batasunean. Beraz, serio esan al daiteke kirolak eta politikak ez dutela loturarik? Biak ez nahasteko, kirol guztiak arautzen dituzten araudiak kirol erakundeek arautu beharko lituzkete, ez politikariek.

Amaitzeko, nola ahaztuko dugu 2022an, arrazoi politikoak tarteko, Gazprom izeneko talde errusiarrari UCI Nazioarteko Federazioak lasterketetan parte hartzeko debekua jarri ziola eta hiru urte daramatzala parte hartu ezinik? Eta futbolean, saskibaloian eta gainerako kiroletan ezin dutela ez Errusia bezala eta ez klub gisa jokatu Europako herrialde hartako klubek eta kirol federazioek? Bitartean, Tel Aviveko Maccabi eta Israelgo kirol talde guztiek eskubide osoz dihardute Europako txapelketetan. Non da koherentzia? Errusiako politika kritikagarria da eta Israelen jarrera genozida ez?

Kirola politikan guztiz txertatuta dago eta herritarrok protagonismoa izan dezakegu bere garapenean. Bereziki, instituzioek eta politikariek beren betebeharrekin zintzo jokatzen ez dutelarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun