Euskal Herria Europa berrian

Ukrainako gerraren amaierak ondorio sakonak ekarriko ditu Europa osora

Europako elite ekonomikoek beren indar guztia jarri dute gerra zelaian eta galdu egin dute. Galtzaileek, elite globalistek, beren egitasmo kuttuna –Europako Batasuna– galdu eginen dute eta Bruselatik europar guztioi beren nahiak inposatzeko duten tresna hondoratu eginen zaie. Irabazleak, Errusiako Federazioak, gerra amaitzeko baldintzak finkatuko ditu. AEBetako presidentea Errusiarekin amaiera hitzartzeko prest dagoenez, litekeena da estatubatuarren interesak ere hitzarmenean islatzea.

Geopolitikaren ikuspuntutik, Europako Batasuna izanen da galtzaile nagusia. Besteak beste, batzuk bakea hitzartzen ari diren bitartean, bera gerra gogortzeko planak egiten ari delako. Trump eta Putin bakea jorratzen ari dira. Macron, Stormer eta enparauak, berriz, tropa gehiago noiz eta nola bidali eztabaidatzen ari dira, gerraren sugarrak hauspotzeko asmoz. Bake prozesua sinatu eginen da eta EBko agintariak argazkitik kanpo geldituko dira. Europako Batasunarenak egin du, gerraren alde egiten ari delako. AEB eta Errusia, aldiz, indartuta aterako dira bakearen alde egin dutelako.

Aldaketa handiak datoz Europara. Egungo «batasuna» desagertu eginen da eta egitasmo berria eraiki beharko da. Nolakoa, ordea? Zoritxarrez, egungo EB eraiki zuten elite ekonomikoei aurre egiten ari zaizkienak beste elite ekonomikoak dira. Globalisten aurka subiranistak, denak aberatsak eta politikoki zigilu eskuindarra dutenak. Bitartean, langileak eta herritar xumeak egoera honi aurre egiteko prestatuta dagoen lider politikorik gabe gaude. Zer egin egoera tamalgarri honetan?

Lehen-lehenik, nolako Europa nahi dugun erabaki beharko dugu. Zeregin horretan euskaldunok ongi samar kokatuta gaude, oso argi dugulako geure lehentasuna zein den: Euskal Herriari leku propioa bilatzea egituraketa instituzional berrian. Europa berriak ez ditu soilik estatuak aintzat hartu beharko, haien barruan subiranotasuna ukatua duten nazioei ere lekua eskaini beharko zaielako. Euskal Herria, Ipar Irlanda, Eskozia, Gales, Katalunia, Galizia, Korsika, Flandria… egun burujabetzarik ez duten guztiek ahots propioa behar dute izan Europa berrian.

Egungo EBk herri txikiei ez digu lekurik eskaini. Hortaz, bera desagertzea gure aldekoa da. Gure lekua merezi dugulako, batetik. Eta langileen eta herritarren eskubideak hobeki babesten direlako esparru juridiko-politiko txikiagotan, bestetik. Ezin ahaztuko dugu batasunaren funtsa inposaketa errazago gauzatzea eta jendearen aldarrikapenak zailtzea izan zela lehen unetik.

Baina, prestatuta al gaude bide hori indarrean jorratzen hasteko? Garbi al dugu nolako proposamena egin Europako indartsuei guri leku duina onar diezaguten? Herri bezala joateko ongi finkatuta al ditugu gure oinarriak? Prest al gara hainbat iritzi politikotako euskaldunak elkar hartuta joateko? Europako aliantzak ongi landuta al ditugu, eraginkortasun politikoa izanen duen kolektibo gisa azaltzeko?

Mendebaldekoek Errusia aintzat hartu beharko dugu Europako egitura berrian. Eragile politiko eta ekonomiko garrantzitsu bezala hartu beharko dugu eta guretzat bezalakoa nahi dugun leku duina eskaini beharko diogu. Errusiak aspaldiko urteetan EBn izan ez ditugun elementu berriak eskainiko dizkigu. Besteak beste, autodeterminazio eskubidearen praktika. Bere baitan hartu berriak dituen Luhansk, Donetsk, Zaporozhie, Jerson eta Krimea eskubide horren erabileraz hartu baititu bere magalean. Errusiak autodeterminazioaren haize freskoa ekarriko du eta eskubide hori ez da txostenetan edota historian, atzean, geratu den zerbait izanen.

Elite ekonomiko subiranistak munduan globalistei nagusitu zaizkie leku erabakigarrienetan. Lehendik Txina eta Errusian, berriki Amerikako Estatu Batuetan. Hurrengo urteetan subiranotasunak eragin politiko handia izanen du mundu osoan zehar. BRICS elkargoak bidea erakutsi du: a) kide guztiek gainerako herrialdeen antolaketa politikoari begirune osoa erakusten diote, injerentziarik gabe; b) elkarren arteko hitzarmen eta harreman komertzialetan denek irabazten dute, errespetuan oinarritzen direlako. Gerrak, presio politikoak, elkarren aurkako eragin kaltegarriak… ez dute lekurik sortzen ari den mundu berrian. Gerrazaleak gero eta bakartuago geldituko dira.

Jarrera politiko horrekin euskaldunok bat egin dezakegu arazorik gabe. Oinarri horiek leuzkakeen Europa berria eraikitzeko prest egon behar dugu. Ingurura begiratuta, batzuetan oraindik prest ez gaudela pentsatzeko arrazoiak aurkitzen ditugu. Baina herri zahar honek bere DNAn itsatsia du aurrera duintasunez ateratzeko grina. Orreagak, Noainek, Amaiurrek… itxaropenaren ateak egunero zabaltzen dizkigute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun