Zalantza asko izan eta gero, badirudi Trumpek serio dioela gudari amaiera eman nahi diola Ukrainan. Albistea zabaldu zenean bere semeak «ergela» deitu zion Biden presidenteari Ukrainari irismen luzeko misilak botatzeko baimena eman ziolako. Eta AEBetako konplexu militar-industrialari bere aitak presidentetza hartu baino lehenago III. Mundu Gerra hasi nahi izatea leporatu zion.
Bestalde, Britainia Handia eta Frantziak irismen luzeko misilak bota ahal izateko baimena eskatu diote Bideni. Nahiz eta berek fabrikatu misilak, estatubatuarren baimenik gabe ezin dituztelako jaurti, fabrikatzeko prozesuan haien teknologiaz baliatzen direlako. Beraz, AEBek, Britainia Handiak eta Frantziak elkar hartu dute Errusiari irismen luzeko misilak botatzeko, honek errusiarren erantzuna ekarriko duela jakin arren. Gogora dezagun Europako Parlamentuak irailean ezaugarri horiek dituzten misilak botatzeko adostasuna erakutsi ziela gehiengo handiz. Guda Ukrainatik Europara zabaltzeko lehen urratsak dira.
AEB eta Europako Batasuna gidatzen dituzten elite ekonomikoak zatituta daude. Bidenek ordezkatzen dituenek Ukrainako guda gogortu egin nahi dute, porrotik jasateko prest ez daudelako. Bestalde, Trumpek ordezkatzen dituenek amaiera eman nahi diote, Ekialde Hurbilekoa eta Txinakoa lehenesten dituztelako eta armak eta arreta osoa azken hauetan inbertitu nahi dituztelako.
Bi hilabete falta dira Trump presidente izendatua izateko, 2025eko urtarrilaren 20an. Bitartean Bidenek jarraitzen du presidente izaten. Espero izatekoa zen demokrata etiketa dutenek, guda honen inguruko giro politiko-militarra nahasteko, zerbait handia egin zezaten. Noraino iritsiko diren ikusteko dago, baina zernahi egin lezakete. Ikusteko geratzen da ere errusiarren erantzuna nolakoa izanen den. Lehen hainbat aldiz esan dute erantzun eginen dutela irismen luzeko misilak jasoz gero. Orain, Trump presidente izendatua izateko bi hilabete falta direla, orain arte erakutsi duten pazientzia estrategikoa beste bi hilabetez luzatuko al dute?
Errusiak guda irabazia du. Fronte osoan bere armada etengabe ari da ukrainarren lerroa zulatzen eta egunero ari da herri eta hiri gehiago hartzen beren esku. Bukaera denbora kontua da. Errusiaren garaipena ziurra da eta guda luzatzeak hildako eta elbarritu gehiago eragitea besterik ez dakar. Irismen luzeko misilek eguneroko errealitate hau ez dute aldatuko. Min eginen dute, baina ez dute gudaren bilakaera aldatuko.
Hasiera batean, hausnarketa hau gudari amaiera emateko filtratu diren Trumpen ustezko baldintzen ingurukoa izatekoa zen. Izan ere, oso eskasak eta desegokiak baitira. Baina antza denez bi hilabete hauek beroak izanen direnez, aurreragorako utzi beharko dugu guda negoziazioen bitartez amaitzeko baldintzen inguruko hausnarketa.