[GUTUNA]: Euskal europarlamentari gehienak guda Europara zabaltzearen alde

Irailaren 19an Europako Parlamentuan egindako botazioaren harira, hausnarketa hauxe egin du Joan Mari Beloki Kortexarenak. Bere hitzetan, «boto horien arabera, Euskal Herrian guda maite dugula eta gure etxe atariraino ekarri nahi dugula dirudi». 

Irailaren 19an Europako Parlamentuaren gehiengoak honen alde eman zuen botoa: «Berehala kendu ditzatela armen erabilerari lotuta Ukrainari jarritako murrizketa guztiak Errusiako lurraldean». Hitz arruntetan esanda: «Bota itzazue luzera handiko misilak Errusia osora». Parlamentu hau ez da nor Ukrainari, AEBei, Britainia Handiari edota Frantziari agindu hau emateko. Baina AEBetako hauteskundeak direla medio, Biden agindua ematera ausartzen ez denez, morroi europarrak bidali ditu hark esan beharko lukeena esatera. Lehenago edo beranduago Ukrainatik irismen luzeko misilak Errusiara botako dituztela pentsa liteke. Eta orduan, zer?

Vladimir Putin Errusiako presidenteak garbi azaldu zuen une horretatik aurrera guda fase berri batean sartuko dela. Lehen misil horietakoa Errusiara iritsi bezain azkar, misilen jabeak, fabrikatzaileak eta botatzen parte hartu duten guztiak etsai bihurtuko dira automatikoki Errusiarentzat. Beraz, AEB, Britainia Handia eta Frantzia, gutxienez, etsai bihurtuko dira eta neurri bereko kolpeak jasotzeko diana bihurtuko dira. Europako Batasuneko gainerako estatuek aurrerantzean izanen duten inplikazioaren arabera bihurtuko dira diana errusiarrentzat.

'Mendebaldeak' guda Europara zabaldu nahi duela zalantzarik ez da. Urte osoa daramate Errusia zirikatzen erantzun gogor bat eman dezan, jarraian bere aurka guda osoa abiarazteko. 'Mendebaldeko' elite ekonomikoek ez dute Ukrainako guda galdu nahi eta galtzen ari direla ikusten ari dira. Zerbait handia egin nahi dute gudaren egungo bilakaera aldatzeko. Edozertarako prest dira eta aurka ari diren bi bandoek bonba nuklearrak dituzte.

Ukrainarrek Errusia inbaditu dute, Zaporizhia eta Kurskeko zentral nuklearretara bonbak jaurtiki dituzte, Errusiako radar antinuklearren aurka hiru aldiz bonbak bidali dituzte…, hauetako ekintza bakoitza erantzun nuklearra jasotzeko nahiko arrazoi direla jakinik.

Europako elite ekonomikoei men eginda, europarlamentari gehienek orain arte Ukrainako lurretara mugatu den guda Europara zabaltzeko botoa eman dute. Guztiz larria den erabaki honen alde 425ek eman zuten aldeko botoa, 131k aurka eta 63k abstentziora jo zuten. Zer egin zuten Euskal Herritik joanda bozketan parte hartu zuten europarlamentariek?:

  • Agirregoitia, Oihane (EAJ): BAI
  • Barrena, Pernando (EH Bildu): EZ
  • López, Antonio (PP): BAI
  • Mendia, Idoia (PSE-PSOE): BAI
  • Sancho, Elena (PSN-PSOE): BAI
  • Zarzalejos, Javier (PP): BAI

Boto horien arabera, Euskal Herrian guda maite dugula eta gure etxe atariraino ekarri nahi dugula dirudi. Gure politiko gehienek ez dituzte gure interesak defendatzen. Eta euskal herritarrontzat gizartearen egungo pasibotasunak eta isiltasunak ez dira lagun egokiak inondik inora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun