[GUTUNA]: Europako Batasunarenak egin du

Europako Batasunaren inguruko kontuak aipatu eta gaiaren inguruko bere hausnarketak partekatu nahi izan ditu Joan Mari Beloki Kortexarenak TTIPI-TTAPAko irakurleekin. «EBk bere buruaren aurka jo du. Pitzadura handia sortu du. Arrakala noraino iritsiko da?», dio Belokik idatzian.

Oraintsu arte, Europako Batasuna (EB) itsaso barea genuen. Dena ongi zihoan. Denok lasai bizi ginen. Goi arduradunek oso ongi betetzen zuten beren lana eta europarrok pozik sentitzen ginen beren agindupean. Tarteka-marteka nekazariak beren traktoreak erakustera kalera ateratzen ziren, baina azkar ahazten genituen. Etorkin ugariek ere noizean behin bilera batzuk egin beharra eragiten zuten, baina EB den itsaso zabal honetan ez zuten olaturik eragiten. Europarrok zeinen pozik geunden gure agintariekin argi erakusteko, guk aukeratutako parlamentariek Ursula von der Leyen hautatu zuten Europako Batzordeko presidente berriz ere, beste bost urtetarako. Itsaso bare honetan EB osoan garatuko den politika agintzen duen presidentea ez genuen herritarrok hautatu, baina xehetasun txiki horri ez genion garrantzirik eman eta ez genuen zurrunbilorik eragin nahi izan itsaso bare honetan. Egoerarekin zeinen pozik geunden argi erakusteko, herritarrok aukeratutako PP eta PSOEko parlamentari guztien botoez izan zen izendatua. Espainiako komunikabideetan egunero mokoka azaltzen diren PP eta PSOEko horiek berriz ere eskutik joan ziren erabaki garrantzitsu honetan. Ez al zen dena zoragarria?

Bai horixe. Dena zoragarria ez ezik ikusgarria zen Viktor Orban izeneko gizon batek batasun eder hori hautsi zuen arte. Hungariako herritarrek presidente hautatu zuten eta politikari honi bere herritarrak babestearen alde nahi duen guztia egin lezakeela iruditzen zaio nonbait, EBko irizpide politikei aurre egitea, besteak beste. Presidente honek Europan dugun arazo handiena Ukrainako guda dela uste du. Normal, beste politiko gehienek ere hala baloratzen baitute arazoa. Baina zer bururatu zitzaion Viktor Orbani? Ba, EBn Macron, Scholz eta gainerako presidenteek guda hori indartu eta Europara zabaltzeko hartu duten bideari aurka eginez, berak Ukraina, Errusia, Txina eta AEBak bisitatuz bidaia bat egitea erabaki zuen ea bakea azkartzeko bideren bat ba ote den ikertzeko eta aktibatzeko asmoz. Volodimir Zelenski, Vladimir Putin, Xi Jinping eta Donald Trumpekin elkartu zen, hurrenez hurren. Halako ausardia!

Geroztik gure itsaso barea aztoratu egin da. Presidente horrek surflariek amesten duten olatu erraldoia eragin du eta arazoak biderkatzen hasi dira giro zoragarrian zegoen EB honetan. Viktor Orbanen ereduari jarraiki, Robert Fico Eslovakiako presidenteak aitortu du bidaia horretan gustura lagundu izan ziokeela onik egon izan balitz. Baina ezin izan zuen, Ukrainako guda amaitu behar zela aldarrikatzeagatik bost tiro jaso eta oraindik sendatzeko prozesuan zelako.

Guda indartu ala bakea eraiki?

Bi jarrera politiko kontraesankor ditugu orain EBn. Ukrainan bake prozesua lehenbailehen abiarazi behar dela defenditzen duten bi presidente hauena eta, bestalde, Ukrainari arma eta diru gehiago bidaltzearen alde dauden gainerako guztiena. Azken hauek Errusiaren aurkako gudari hurrengo urteetan jarraipena emateko asmoz, EBko estatu guztietan diru publikotik milaka milioi euro gehiago urtero xehatu beharko dugula bultzatzen dutela ahaztu gabe.

Viktor Orban abendua bitarte EBko Kontseiluko presidentea denez, lehen bilera Hungarian bertan antolatu zuen EBren usadioari jarraituz. Baina Von der Leyenek bilerara deituta zeuden ministro guztiei debekua jarri die eta bilera Bruselan egitera behartu ditu denak. Bakea bilatzeagatik Viktor Orbanen aurka mendekua hartzen hasiak dira EBko agintariak.

Berriki, Ukrainak ukatu egin die Hungaria eta Eslovakiari Errusiatik iristen zaien gasa Ukrainatik igaro dadin. Erabaki honek kalte ekonomiko izugarriak dakarzkie aipatu herrialdeei, behar duten energiaren portzentaje handi bat suposatzen dielako. Aipagarria da erabaki horrekin Ukrainak bere buruari ere kalte ekonomiko handia eragiten diola, dibisa ugari jasotzen baitu kontzeptu horregatik. Ukrainak bere burua honela kaltetzeko erabakia bere kasa hartu du ala EBtik eman diote agindua, Orban eta Fico disidenteak zigortzearren?

Hungaria eta Eslovakiak EBko goi instantzietan kexa aurkeztu dutelarik, EBk Ukrainaren aldeko erabakia hartu du bere lurraldean nahi dituen erabakiak har litzakeela argudiatuz. EBko kidea Ukraina dela dirudi. Ez, ba. Hungaria eta Eslovakia badira eta Ukraina ez. EBk bere buruaren aurka jo du. Pitzadura handia sortu du. Arrakala noraino iritsiko da?

Ukrainako guda amaitzean gauzak asko aldatuko dira EBn. Guda horren amaiera usaintzen hasiak gara. Eta EB honen amaiera ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun