Europako Parlamenturako hauteskundeek mezu argi bat bidali digute. Europarrok ez dugu gudarik nahi. Ukrainakoa bukatu egin behar da eta ardura politikoa dutenek lehenbailehen eman behar dituzte horretarako pausoak. Frantzian Macroni eta Alemanian Scholzi ultraeskuina aise gailendu zaie eta arrazoia Ukrainako gudan datza: aipatu bi presidenteak guda hori indartzen urratsak egiten ari dira eta ultraeskuinak aurkako jarrera erakutsi du.
Ultraeskuinak ezkerraren lekua hartu du. Historikoki ezkerra guda guztien aurka nabarmendu izan da, eskuina gudazale azaldu den bitartean. Baina aspaldi honetan ezkerra oro har ez da mobilizatu –Irakeko gudaren garaian manifestazio itzelak egin ziren– eta ez du aurkako jarrera tinkoa erakusteko ekimenik gauzatu.
Desideologizazioa egungo gizartean handia da eta hauteskundeetan jende gehienak hautua ez du ideologiagatik egiten. Herritarrek beren eguneroko arazoei erantzun positiboa ematen diena saritzen dute eta, kasu honetan, Ukrainako guda amaitzearen aldekoak izan dira sarituak. Frantzia eta Alemania aipatu ditugu, baina Belgika eta Holanda ere erants ditzakegu zerrendara. Viktor Orban Hungariako presidenteak, ultraeskuindar etiketa duen eta gaur egun guda bukatzearen aldeko ahots tinkoena Europako Batasunean, bere herrialdean irabazi egin duela ahaztu gabe.
Aurpegigabeen agindua
Guda suspertzearen aldeko ahots bizkorrena Macronena izaten ari da aspaldi. Eta hartu duen jipoiaren ondoren dimititu egin beharko luke, koherentzia politikoagatik. Baina hori egin beharrean Parlamentua desegin du. Galeraren erruduna bera ez balitz bezala. Scholzi ere ez diogu kargu politikoak utziko ditueneko hitzik entzun. «Errusiak ez du guda hau irabazi behar» errepikatzen digu behin eta berriz Jens Stoltenberg NATOren buruak. Zer esan nahi du honek guztiak? Ba, herritarrek bidali dieten mezuari baino garrantzia handiagoa eman dietela guda bultzatzeko agindua eman dieten aurpegigabe horiei, inoiz hauteskundeetara aurkezten ez diren baina ederki agintzen duten elite globalistei alegia. BlackRock, adibidez, Ukrainako lur aberatsen % 24 erosia du dagoeneko.
«Bakea» hitza Europako Batasunako politikoen ezpainetatik desagertu egin da. Von der Leyen eta Borrelli ez zaie hitz hau sekula entzuten. «Bake» hitza «guda» hitzarekin ordeztu dute. Egoeraren larritasunaren ispilu.
Herritarrek ez dute gudarik nahi, baina arduradun politikoek ez diete kasurik egiten. Ondorioa oso larria da, guda honetan jauzi kualitatiboak emateko asmoa erakusten duten erabakiak hartzen jarraitzen dutelako. Aste honetan Errusiari 50.000 milioi euro ostu eta Ukrainara bidaltzea erabaki dute armatan inbertituak izan daitezen. Poloniak eta Errumaniak Ukrainarekin dituzten mugetan gerra hegazkinak pilatzen hasi dira. Vladimir Putinek negoziatzen hasteko proposamena egin du eta Suitzan Zelenskiren inguruan bildutakoek aho batez errefusatu dute. Ez dute herritarren mezua entzun nahi. Ez dute negoziatzeko asmorik. Beraz, gudarako prestakizunak hor jarraitzen du eta berandu gabe Europa osora zabaltzeko arrisku handia dago.
Probokazioak eta pazientzia
Hamaika dira Errusiari dagoeneko egin dizkioten probokazioak. Hemengo komunikabideek isilean gordetzen badituzte ere, aspaldi ari dira egunero misilak Errusiako lurretara bidaltzen zibilak hil nahian. Ukrainako armadaren bonba hauek ez dute helburu militarrik izaten, zibilak baizik. Bi urte luze hauetan hildako zibilen kopurua bost mila ingurura iritsi da. Azken boladan, zenbat eta okerrago doakien guda frontean orduan eta gehiago ari dira areagotzen zibilen gaineko bonbardaketak. Moskun 150 errusiar hil zituzten kontzertu batean. Kremlinera droneak bidali dituzte. Misil nuklearrak detektatzeko radar estrategikoak kaltetu egin dituzte. Errusiarren pazientziagatik ez da dagoeneko guda Europa osora hedatu, baina pazientzia noizbait agortu eginen zaie. Erantzunen dutenean guda errusiarren erruz piztu dela entzunen diegu politikoei. Okerrena, herritarrok ordainduko ditugula ondorioak. Euskaldunok ere inplikatuta gaude, Pedro Sánchez presidenteak bete-betean sartu baikaitu guda honetan armak eta dirutza Ukrainara bidaltzean.
Komunikabideak ere inplikatuta daude giro gudazale honen susperraldian. Ados daudelako edo beldurragatik, ez dira bakearen aldeko mezuak igortzen ari. Hortaz gain, zabaltzen duten informazioa desitxuratu egiten dute. Lerro hauek idatzi bitartean ETBk esan digu Errusiak ez duela parte hartu Suitzan egiten ari diren Bakearen Gailurra oker deitutako horretan. Ahaztuta edo, ez digu esan Errusia ez dela gonbidatua izan. Errusiarrak ez direla inplikatzen bakearen dinamikan pentsatzera eraman nahi gaitu entzuleak.
Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak gaur esan digu «mendebalde» deituak Errusiaren aurka garaipen erraza ikusten duela eta horrek bultzatzen dituela NATO eta EB guda indartzera. Berak garbi ikusten du hilabete gutxi barru guda Europa osora zabalduko dela eta, hori dela medio, Serbiako petrolio eta elikagaien erreserbak handitzeari ekin dio.
Ondorioak
Hil ala bizikoa bihurtu dute guda hau, eta galtzailea desagertu eginen da. Errusiak galtzen badu, bere baitan sendo txertatuta dauden nazio eta errepublikak puzzle baten piezak bezala sakabanatuko dira. NATOk galtzen badu desagertu eginen da eta Europako Batasunaren politika eta politikoak goitik behera aldatuko dira. Ukrainako guda hau gaur egun existentziala bihurtu da bi aldeentzat.
Gudarako deiak entzuten dira Europako jauregietan. Euskal mendietatik, berriz, mobilizatzeko aldarria zabaltzen ari zaigu.