Europa 2024

Europako Batasuneko hauteskundeak izanen dira ekainean. Errusiakoak martxoan, Putin garaile aurreikusten delarik. Martxoan Ukrainan egitekoak ziren, baina Zelenskik bertan behera utzi ditu. Aurten berri interesgarri ugari izanen da Europan.

EBz mintzatzerakoan, proiektua Europako mendebaldeko elite ekonomikoek abiarazi zutela ekarri beharko dugu gogora lehenik, herritarrok sorreran parte hartzeko aukerarik izan ez genuela. Azken batez, aberatsak aberatsago izateko eta justu zebiltzan herritarrak eskasago geratzeko. Europa bidezkoago bat eraiki nahi dugunok arreta langile eta herritar xumeen ekonomiak suspertzen jarri beharko genuke.

Ultraeskuina indartzen ari den garaiotan, ezkerreko erreferentzia bizkorrak falta zaizkie herritarrei. Hutsune horregatik, hain zuzen, ari da suspertzen eskuin muturra. Arlo horretan abertzaleek motor lana egin dezakegu, Irlanda, Katalunia eta gainerako herri eta herrialdeetako mugimendu eraldatzaileekin elkartuta. Kontinenteko herri eta herrialde guztien arteko harremanak estutzeko ahalegina egin beharko genuke, Lisboatik Moskuraino.

Halaber, kolonialismo guztiak errefusatuko ditugu. Frantziaren ordezkariak bidali dituzten Burkina-Faso eta Maliri babes osoa eskainiko diegu. Bide beretik, Ukrainan bake prozesuaren ordez guda indartzen duten Britainia Handia bezalako herrialdeak gogor salatuko ditugu. Sahara ere gogoan izanen dugu.

Europak politika autonomoa egiten hasi beharko luke, menpekotasuna gaindituz. AEBen morroi izateak ekonomikoki ahul eta geopolitikoan genozidei lotuta utzi gaitu. Menpekotasunak hondamendira garamatza. Betidanik gatazka nagusia izan den herritarren klaseen artekoa (aberatsa-pobrea) gaur egun itxura berria hartzen ari da eta herrialdeen arteko gatazkarena (hegemonikoa-menpekoa) hartzen ari da.

EBk zergatik hartu du Errusia etsaitzat? 1945ean Hitlerrekin amaitu zuen, II. Mundu Gerraren bukaera eraginez. Petrolioa eta gasak merke saldu dizkigu eta horrek ekarri du Europako mendebaldeak izan duen gorakada ekonomikoa. Eta egin dizkigun mesedeak ahaztuta, zigor larriak jarri dizkiogu. Neurri hauek europarroi bizia garestitzea ekarri digu. Nork azal diezaguke halako kirtenkeriaren onura? Errusia, kontinentearen zatia den heinean, Europako instituzio guztietan hartu beharko luke parte, zigorretatik libre. Eta bake giroa errazteko, NATOrik gabeko Ukraina ziurtatu beharko genuke.

NATOk Putin Gobernutik kendu nahi zuen eta Errusiako Federazioa zatitu. Horretarako antolatu zuen gudak Ukraina xehatu du, energia garestitu digu, europarrok zatitu egin gaitu, Donbassko genozidioa areagotu du… Eta hori dena gutxi balitz, Ukraina berreraikitzea kostako diren ehunka mila milioi euroak EBko biztanleok ordaindu beharko ditugu. Besteak beste, Ttipi-Ttaparen irakurleok.

Hausnarketa osoa hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun