[GUTUNA]: Ukrainako guda, amaituta

Ukrainako gerra «amaitzekotan» dela dio Joan Mari Beloki Kortexarenak iritzi artikulu honetan. Bere ustez, «goi agintarien erabakia bakarrik falta da». Hortik abiatuta, errepaso zabala eta hausnarketa sakona egin du Belokik idatzian.

2023ko abenduaren 19an Ukrainako guda amaitzekotan da. Goi agintarien erabakia bakarrik falta da. Zelenski Ukrainako presidenteak berak aitortu berri du kontraerasoak porrot egin duela. Europako Batasunak bere armategi guztiak hustu dituen arren, eta AEBek neurri handi batean ere, frontera iritsi orduko Errusiak birrindu egiten ditu. Abrams, Leopard, Challenger ... tanke modernoenek ustez nahikoa izan behar zuten armada errusiarrari nagusitzeko, baina ustea ustel gertatu zaie. Urritik aurrera arazoa gaindiezina bihurtu zaie Hamasek Israeli hilaren 7ko kolpea eman ziolarik. Israeli milaka bonba, tanke eta gainerako tresneria bidali beharrak Ukraina eskas geratzera kondenatu zuen. Ekonomikoki Ukraina lur jota dago eta gero eta arazo gehiago du AEBetatik eta EBetik laguntza jasotzeko.

Hala ere, arma eskasia baino arazo larriagoa dute tropa kopuruarekin. Zenbaki fidagarririk inork ez badaki ere, hildako soldadu ukrainarrena ehunka milakoa dela ziurta liteke. Gudan zehar zauritu, elbarritu, errenditu, desagertu eta atxilotuta suertatu direnena gehituta, milioira hurbil daitekeela dio hainbatek. Gaur egun soldaduen batezbesteko adina 45 ingurukoa omen da, gazteak frontetik desagertzen ari direla argi erakutsiz. Gudarako jenderik gabe geratzen ari da armada eta jendea atxilotzeari ekin dio fronteko hutsuneak bete nahian. Baina galtzen dituen soldaduak ordezkatu ezinik geratu da. Kolapsotik oso gertu dagoela esan liteke, dagoeneko puntu horretara iritsi ez bada.

Bitartean Errusiaren armada egunetik egunera bizkorrago dagoela erakusten ari da. Bere industria militarrak ekoizpena hainbat bider handitu du, arma modernoagoak sortzen ditu eta hori gutxi balitz, lagun dituen Ipar Korea eta Iran ondoan dauzka arma gehiago nahi adina emateko. Bere ekonomia ere indartuz doa; adibidez, aurten BPGak % 3,5 eginen du gora, Europan horren erdira ere iritsiko ez delarik. Errusiak orain armada indartsuena dauka Europan. Horri gehitu behar zaio nahi izanez gero ehunka mila soldadu gehiago mobiliza lezakeela epe motzean, bere armada handiaren zati bat besterik ez baitarabil guda honetan. Airean nagusi izateak abantaila izugarria eman dio Errusiari NATOren armadari gailendu ahal izateko. Une honetan armada errusiarra eroso sentitzen da frontean eta badaki guda irabazita duela. «Operazio militar berezi» honen helburuetako bat Ukraina desmilitarizatzea denez, ez du armada etsaia kolpatzeari uzteko presarik.

  • Noren esku geratuko da gudari amaiera ofiziala ematea? Gaur Zelenskiren esku dago. Bihar auskalo. AEBetako agintariak ordezkoa bilatzen ari omen zaizkio. Hala ere, bat izan ala beste, eseriko denak Errusia irabazlearen exijentziak onartu beharko ditu.
  • Nolako Ukraina geratuko da guda amaituta? Krimea, Luhansk eta Donetsk dagoeneko Errusian txertatu dira betiko. Zaporozhie eta Jersonek aurrez aipatutako Errepubliken eskaera bera egin zutenez, Errusiaren baitan geratuko dira sarri. Odessa, Jarkov eta beste hainbat eskualdek ere Errusiaren barruan buka lezakete. Poloniak ekialdeko Galiza berreskuratzeko asmoa agertu du betidanik. Hungariak eta Errumaniak ere badute Ukrainan garai batean berenak ziren zati bana ere. Hortaz, nolako Ukraina geratuko den ikustekoa izanen da.
  • Ukrainako gobernu berria: 2014an «Euromaidan» deituriko estatu kolpea eman zutenetik, boteregune guztiak naziek eskuratu zituzten. Hamar urteotan soilik beren ideologia faxistak izan du landua izateko eskubidea. Hamar urte hauetako politika horrek eta bere gidariek ez dute lekurik izanen Ukraina berrituan. Herritarrek hautatutako politikariek hartu beharko dute herrialdearen lema eta politika herritarragoa egin beharko dute. Kartzelak hustu, alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatu, itxitako komunikabideei berriz bideak zabaldu ... Puntu honek bete-betean egiten du bat Errusiaren Ukraina desnazifikatzeko helburuarekin eta ziur bake-mahaian azalduko dela lehen egunetik. 

Hausnarketa osorik hemen irakur daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun