[GUTUNA] Ukrainako guda gelditu

Joan Mari Beloki Kortexarenak Ukrainako gerra du hizpide iritzi artikulu honetan. Gaiaz gutxi hitz egiten dela uste du eta maizago egin beharko genukeela dio. Kezka horrek bultzatuta osatu du artikulu hau.

Ukrainako guda gelditu. Hauxe jende gehienak nahi duena. Ehunka mila baitira Ukrainan hiltzen ari diren gizakiak. Baina nola gelditu? Herritarrok ahotsa altxa nahi dugu, baina zer aldarrikatzeko? Hemengo komunikabide nagusien arabera, Errusiak Ukrainatik atera behar du eta urte luze honetan inbaditu dituen lurrak utzi. Kito. Ondoren kalteak ordaintzea exijituko zaio, azpiegiturak berreraikitzeko gastuak bere gain har ditzala, Putini epaiketa sumarisimoa egitea, e.a.

Baina, hau al da herritarrok aldarrikatu nahi duguna? Planteamendu honek bi akats larri dituela esanen nuke. Lehena, Errusiak ez duela inola onartuko; beraz, proposamenak ez du guda amaitzeko balio. Bigarrenik, proposamenak ez ditu aintzat hartzen guda pizteko izan diren arrazoiak; hortaz, ez du arazoa konpontzeko balio. Beraz, izan gaitezen praktikoak eta sakon dezagun gertaeren azken urteetako bilakaeran, ondoren proposamen baliagarri bat aurkitu ahal izateko.

«1990ean Gorbachov (SESB) eta G.Bush Jr. (AEB) presidenteek hitzartu zuten Varsoviako Ituna deuseztatuko zuela lehenak eta NATO ez zela ekialderantz zabalduko bigarrenak. Sobiet Batasuna 1991n deuseztatu zen. Baina AEBek ez zuten beren hitza bete eta NATO ekialdera zabaltzeko plana eratu zuten».

Oso urrutira joan gabe goazen 1990. urteraino. Urte horretan Gorbachov (SESB) eta G.Bush Jr. (AEB) presidenteek hitzartu zuten Varsoviako Ituna deuseztatuko zuela lehenak eta NATO ez zela ekialderantz zabalduko bigarrenak. Sobiet Batasuna 1991n deuseztatu zen. Baina AEBek ez zuten beren hitza bete eta NATO ekialdera zabaltzeko plana eratu zuten. 2008an Bushek Ukraina NATOn sartzea bultzatu zuen erakundearen Bukaresteko goi bileran. Errusiako agintariek NATOren armada ez zutela Ukrainako mugetan inolaz ere nahi berretsi zuten.

2014an Yanukovich Ukrainako presidente hautatuari kargua kendu zioten estatu kolpe baten bitartez. Hauteskundeetan bere puntu nagusia Ukrainaren neutraltasuna izan zen. Victoria Nuland, gaur AEBetako Estatu Idazkariorde eta garai hartan Idazkaritza horretako kide, Maidan plazan izan zen kolpista armatuei babesa ematen. Donbassen herritarrak armak hartuta jazarri zitzaizkion Gobernu kolpistari.

2015ean, Minsken bake hitzarmena sinatu zen. Bertan marko autonomo bat ziurtatzen zitzaien Donbasseko bi errepublikei. Baina Nazio Batuen Erakundearen babesa izan arren, Gobernuak ez zuen bere konpromisoa bete.

2021ean Biden presidenteak NATO ekialderantz zabaltzeko asmoa berretsi  zuen. Konfrontazio militarra ekiditeko asmoz, 2021eko abenduan Vladimir Putinek AEBen eta Errusiaren arteko segurtasun akordioa proposatu zuen. Hurrengo hilean Joe Bidenek ez zegoela negoziatzeko prest erantzun zion. 2022ko otsailean Errusiak «operazio militar berezia» abiarazi zuen. Lau aste beranduago Zelenskik neutraltasuna onartu zuen publikoki eta, Erdogan presidentearen eraginez, martxoan, Turkian, Errusiak eta Ukrainak bake akordiorako lehen zirriborroa sinatu zuten. Bidenek aukera hori zapuztuz Ukrainari guda indartzeko esan zion, Ukrainak NATOren barruan behar zuelako.

«Errusiaren 'operazio militar berezia' eraso inperialista izan zen ala defentsa ekimena?»

Hortaz, Errusiaren «operazio militar berezia» eraso inperialista izan zen ala defentsa ekimena? Geopolitikako adituek aurreko paragrafoetan esandakoak estrategia bereko atalak direla diote. NATOren plangintza bati lotuak leudekeenak, Sobiet Batasunak inplosionatu zuen bezalaxe gaur Errusiar Federazioak inplosiona dezan asmoz eginak. Goi agintariek behin eta berriz errepikatu dute biziraupena arriskutan jarri diotelako sartu dela Errusia guda honetan.

Lehen paragrafoan genioenari helduz, zer aldarrikatu behar dugu Europako mendebaldeko herritarrok? Lehenik su etena, noski. Eta ondoren, diplomazia, 2022ko Turkiako dokumentuaren bidetik abiatuta, hori baita bi aldeek bakerako sinatu duten azken agiria. Eta agintari politikoak mugiarazteko herritarron mobilizazioa beharrezkoa denez, hemengo alderdi politikoei herritarron mobilizazioa antola dezatela. Bereziki EH BILDUri eta EAJri, haiek baitute mobilizatzeko ahalmen handiena Euskal Herrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun