Teknologia oporretan: aisialdia ala menpekotasuna?

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Zubialde Grajirena

Udako oporrak ailegatu dira, eta haurrek zein nerabeek denbora libre ugari dute. Baina, nola betetzen dute denbora hori? Geroz eta ohikoagoa da gazteak pantailari begira ikustea: mugikorrarekin, bideo jokoetan murgilduta edo sare sozialetako azken argazkia noiz ailegatzeko esperoan. Atseden garaia izan beharko lukeena, askotan, konektatuta egoteko beharraren menpeko bihurtzen da.

Gaur egungo haurrak gero eta lehenago hasten dira teknologia erabiltzen. Espainiako datuen arabera, haurrek

10 urterekin izaten dute lehenbiziko mugikorra, eta % 90ek 14 urte betetzerako jada smartphone bat dute. Gainera, sare sozialak erabiltzen gero eta gazteago hasten dira: 11-12 urteko askok jada Instagram edo TikTok kontuak dituzte, nahiz eta plataforma horien baldintzek 13 urtetik gorakoak izatea eskatzen duten.

Nafarroan datu zehatzagoak daude eskuragarri: 10 eta15 urte bitarteko umeen % 62,6k telefono bat dute, jaitsiera izan da 2016tik (% 72,6tik), baina oraindik ere altu dagoen kopurua da. Gainera, 11 urteko umeen artean % 60,5ek daukate Interneteko sarbidea duen mugikorra, eta askotan «ia inolako gainbegiraturik gabe» . UNICEFen arabera, Nafarroan, batez beste,

11,2 urterekin hartzen dute lehenbiziko mugikorra.

Adingabeen batez besteko erabilera egunean hiru eta lau ordu artekoa da, eta horrek loaren kalitatea, gogo aldartea eta harreman sozialak kaltetu ditzake. Berez, teknologia ez da etsaia: entretenimendurako, ikasteko edo sormenerako tresna erabilgarria izan daiteke. Arazoa, ordea, erabilera neurrigabea da.

Gizarte sareek, gainera, presio soziala eta autoestimuan eragina duten mezuak zabaltzen dituzte. Nerabeak «gustuko dut» kopuruaren arabera neurtzen dira, eta horrek bere burua etengabe konparatzera eramaten ditu. Eduki desegokiak eta ziberjazarpena ere gero eta ohikoagoak dira.

Zer egin dezakegu helduok? Batetik, eredugarri izan: geuk ere mugak ezarri gure erabileran. Bestetik, komunikazioa sustatu: teknologiaz eta sare sozialen arriskuez hitz egin, konfiantzazko harremana eraikiz. Eta batez ere, alternatibak eskaini: aire zabaleko jarduerak, kirola, irakurketa edo familiako momentuak. Helburua ez da debekatzea, baizik eta erabilera osasuntsua eta orekatsua bultzatzea.

Pantailak ez dira oporretan desagertuko, baina guztion esku dago erabilera kontzienteagoa sustatzea. Teknologiarekin bizitzen ikasi behar dugu, baina menpean erori gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun