Bigarren mailako biztanleak

Zenbat neraberen ilusioa zapuztu ote dute berriki? Zenbat familiaren kezkak piztu? Ez da bidezkoa. Gure seme-alabak bigarren mailako ikasleak al dira? Zein da arrazoia?

Berriki 2014. urtera atzera pausoa egin izan bagenu bezala sentitu nintzen berria entzun eta irakurtzerakoan. Eskualdeko familia askoren ilusio guztiak zakarrontzira bota ditu Gimeno jaunak. Eskualdean Oronozen eraikitzekoa zen ikastetxearen proiektua ez dela hasieran aipatutako daten barruan eraikiko garbi geldituz joan zaigu datak gainera etorri ahala, baina eman dituen azken azalpenak ikusirik, dudak ditut inoiz eraikiko ote den (ea, eta bihotzez diot, nahastuta nagoen ideia honekin).

Ahoa betetzen zaigu gizartearen eboluzioaz hitz egiten dugunean, bizitzako esparru guztietan eboluzioak eragiten dituen aldaketen egokitzapenean, teknologiari esker egiten diren aldaketetan, baliabide berriak hezkuntzan sartzen direnean… Eboluzio honi aurre egiteko, dudarik gabe, beharrezkoak dira egoitzak ere egokitzea, hau da, ikastetxetako instalazioek ere aldaketak jasan behar dituzte baldin eta etekina atera nahi baldin bazaio baliabideei eboluziora egokitzeko.

Baina, zer gertatzen da Nafarroa iparraldeko ikastetxeetan? Gure seme-alabek ez al dute ahoa betez esaten duten eboluzio horretara eskubiderik? Hamar urte pasatu, eta huts, deus ere ez. Baztan-Bidasoan dagoen Lanbide Heziketako eskaintza dagoena da, eta nerabeek beste zerbait ikasi nahi izanez gero, goizeko ordu txikietan jaiki eta arratsaldea ongi sartuta itzuli behar dute Iruñerriko ikastetxeetan ikasketak egiteko. Baina, noski, gure kokapenak dakarren egoera da hau (ala ez?). Kokapenak, hizkuntzak… edo politikak?

Dudarik gabe eta ozen esatera ausartzen naiz politikak duela erru guztia. Geroa Baik hasitako proiektu bat nola gauzatuko du PSNk? Eta bertako biztanleak tontoak izanen bagina bezala tratatu gaitu Gimenok. Azpijoko polita prestatua zuten. 2023an ateratako obren esleipeneko baldintzak nolakoak ote ziren hutsik gelditzeko? Ez naiz aditua, baina ondorio batera eramaten nau honek: ezinezko baldintzak zirela.

Eta orain zer? Duela urte bateko proiektua zaharkituta dagoelako aitzakiarekin, proiektua berritik hasi beharra dela adieraziz, ilusio guztiak zakarrontzira bota ditu.

Nahikoa da! Goazen gure ahotsa altxatzera eta goazen Baztan-Bidasoko Lanbide Heziketako ikastetxearen alde borrokatzera. Denak, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan, Ultzama, Basaburua… Goazen gure seme-alaben eskubideak defendatzera eta denok bat eginez gure indarra erakustera mobilizazioak daudenean, bestela, bigarren mailako biztanleak izaten jarraituko dugu, eta ez da bidezkoa!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun