Korrikaren ondotik zer?

Bi hilabete pasatu dira 23. Korrika hasi zenetik. Irunen hasi eta Baionan bukatu arte, 2.792 kilometro egin ditu Remigio Mendiburu eskultoreak egindako lekukoak, barruan bukaera arte sekretuan gordetako mezuarekin. Eskuz esku, euskararen alde korrika. Itzela izan da aurtengoa. Jende andana ikusi da bazter guztietan Korrikaren zain. Ahal duenak kilometroak egin ditu lasterka eta ezin izan duenak metro batzuekin ekarpen polita egin dio aurtengo edizioari.

1980. urtean izan zen lehen Korrika, eta geroztik gauzak asko aldatu dira (zorionez). Hurbiletik bizi izan nituen Korrikaren hastapenak, ama AEKko irakasle izan zelako Irungo egoitzan. Gogoan ditut Korrikari lotuta zeuden ekintzak nola antolatzen ziren, eta gu, naiz eta txikiak izan, partaide ginen, hala nola, diru bilketa, bizikletarekin Korrika mugatzen laguntza ematen… Dudarik gabe, orduan ez zen oraingo jendetza biltzen. Etxean badaukagu argazki bat bigarren Korrikakoa, non anaiak lekukoa eraman zuen Irungo kale nagusietan barrena eta bi dozena pertsonek jarraitu ziotela ikus daitekeena.

Baina, zorionez, aldatu dira garaiak eta jendearen kontzientzia ere aldatu da. Korrikak bi helburu nagusi ditu; alde batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea, eta, bestetik, AEKko euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea, kilometroak salduz eta jendearen ekarpenei esker.

Herri eta hiri mailan, eskola eta ikastoletan bi urtetik behin Korrikari bere tartetxoa eskaintzen zaio, gaur egun, unitate didaktikoa eta guzti zintzilikatzen dutelako Korrikako web orrian. Nork pentsatuko luke Korrikak izan zuen hasiera ikusi ondotik, gaur egungo booma izanen zukeenik?

Gizartea aldatzen den erritmo berean, Korrika ere aldatuz doa. Baina, gizartearen jarrera euskararekiko ere, aldatuz al doa? Bistan da martxoan ikaragarrizko euskaltzaletasuna zabaltzen dela euskaldun eta euskaltzaleen artean, baina, zer gertatzen da apirilean, maiatzean, ekainean? Eta zer gertatuko da 2025. urtean?

Ez dezagun ahaztu gure arbasoek emandako hizkuntza zoragarri hau, inork inoiz suntsitu ezin izan duena, nahiz eta saiakera asko egin dituzten eta egiten jarraitzen duten. Ez gaitezen gu izan etsai, eta Korrikaren sentipena egunero, uneoro eduki dezagun barruan. Baina ez barruan soilik, bihotzetik mingainera pasa dezagun sentipena eta euskaraz solas gaitezen. Korrikaren helburua bete dezagun denon artean urteko egun guztietan eta eguneko momentu guztietan. Modu honetan, Korrikako lekukoa hartzean benetan euskararen alde baliozkoa den zerbait egiten ari garela konturatuko gara. Euts diezaiogun Korrikaren esentziari berriz guretik igaro artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun