Euskararen Eguna, gozo-gazia

Urrian Zubietako herrian herritarrok ilusioz beterik itxaroten dugun eguna izaten dugu, Euskararen Eguna, hain zuzen ere. Aurtengoan, gainera, 40. urteurrena ospatzeko irrikan geunden denok, eta herriko gazteek asteburu bikaina antolatu ziguten, denon gozagarri izateko.

Egitarau zabala izan dugu aurtengoan, ostiralean eta larunbatean aurrera eramateko. Hasteko, ostiral arratsaldean Joseba Sarrionandiarekin hitzaldia izan zen herriko eskolan. Egia esan, txiki gelditu zen eskolako beheko solairua. Euskara eta euskal literaturaren inguruan hasi zuen bere solasaldia eta bere ikuspuntua azaldu zigun. Benetan interesgarria izan zen eta hausnarketa egiteko bidea ere eman zigun hara gerturatu ginenoi. Bitartean, pintxo lehiaketa eta dastaketaren ondotik, mus txapelketaz gozatzeko aukera izan zen.

Larunbat goiza egun ederrarekin argitu ondotik, plaza herriko artisauez bete zen. Eguerdi partean, herritarren arteko aizkora apustua, eta nola ez, joaldunek ere joareak astindu zituzten. Ondotik, bazkaria, urteetan izan den jendetsuena. Haurrek ere gozatzeko aukera izan zuten arratsaldean Marsel magoaren magiarekin, eta bazkaldu ondotik, Iker eta Bittorik bertso saio polita eskaini ziguten. Turrutxiki txarangarekin herriari buelta eman ondotik, eguneko ekitaldi berezietako bat izan genuen, Korrontziren emanaldia, herria dantzan jarri zuena.

Gau partean Trikidantzek giro ederra jarri zuen. Baina denak ez geunden plazan dantzan. Bitartean, herriko girotik ihesi zebiltzanak baziren eta sarraski ederra egin zuten. Kotxe bat ebatsi eta landan, udaberritik lanean jardun zuten nekazarien lanak txikitu, itxiturak urratu, motor bat lapurtu (oraindik agertu gabe dagoena), zenbait etxetako atarietako loreontziak apurtu, estalpeko komunetan sarraskiak egin eta dena urez beteta utzi, estalpeko hoditeriak edo tuberiak okertu…

Hau guztia biharamunean ikusi genuen, eta asteburua gozo bukatu beharrean, gazi bukatu zen benetan guztiontzat. Beharrezkoa al da gauza hori guztia egitea ongi pasatzeko? Herriko gazteek lan ikaragarria egin zuten guztiontzat asteburu bikaina prestatzen eta horrela bueltatu behar zaie egindako lanaren ordaina? Ikaragarria.

Lerro hauen bitartez, herriko gazte antolatzaile guztiak zoriondu nahiko nituzke, denontzat prestatutako egitaraua eta egindako lana zoriontzeko modukoa delako, eta beste lanak egiten aritu zaretenei, mesedez, falta dena bueltatu eta gure herrira modu zibiko batean ongi pasatzera etortzeko eskatzen dizuet, jarrera hau ez dadila ohitura bihurtu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun