Historiari dagokionez, Vianako printze/printzesa Nafarroako Erresumako oinordekoak duen titulua da. Karlos III.a Nobleak sortu zuen Karlos bere bilobarentzat.
Baina Nafarroan badaukagu Vianako Printzea edo 'Principe de Viana' delako erakunde bat. Vianako Printzea erakundea Nafarroako Foru Komunitateko kultura erakunde bat da, 1940an Nafarroako Foru Aldundiak sortua eta gaur egun ere indarrean dagoena. Nafarroako kultura ondarea kontserbatzeaz arduratzen da, bai eta ondare hori zabaltzeaz ere, besteak beste, Vianako Printzea aldizkarian, Trabajos de Arqueología Navarran, Fontes Linguae Vasconumen edo Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarran.
Baina honek zer ikusteko du gurekin? Herrietako biztanleekin? Ba, uste baino gehiago. Gure bailara zoragarri honetan ditugun eraikin gehienak Vianako Printzea erakunde honek katalogatuak ditu hainbat mailatan eta nolabaiteko erroldan sartzen dituzte gure arbasoek sortutako eraikinak, inolako aldez aurreko abisurik gabe. Errolda horretan sartuta egoteak izugarrizko nahasteak dakartza gure eraikinetan hobekuntzak egiten hasten garenean batez ere.
Demagun nire etxeko teilatua konpondu nahi dudala, eta, aldi berean, ganbara biharko eguneko etxebizitza bezala egokitu, seme-alabek non bukatuko duten ez dakidalako (logikoa, ezta?). Lehenengo pausoa arkitektoarengana jotzea da, proiektu bat prestatu, udaletxean aurkeztu, eta hemendik, etxea katalogatua dagoenez (gure zonaldeko gehienak bezala), Vianako Printzea erakundera bideratzen dute. Hortik aurrera, ODISEA dator.
Proiektua atzera botatzen dizute behin baino gehiagotan, bulego batean eserita dagoen pertsonak ez duelako gustuko (ez du horrela esaten baina ondorioztatzen dena da); proiektu eraldatua hara, proiektua hona, denbora eta dirua gastatzera, eta zertarako? Baimenik ez lortzeko baldin eta bulegoan eserita dagoenaren gustukoa ez bada.
Etxe hauek inbertsio handia eskatzen dute eta bertan inbertitu behar den diruarekin, hirian pisu bat eros daiteke inolako zalantzarik gabe, eta horrek, berarekin dakar herrietako gaur egungo errealitate bat, herrien hustea, benetan kezkagarria!
Nafarroa osoko halako eraikinak ditugun pertsona guztiak egoera berean gaude. Zergatik ez dira mankomunitate guztiak elkartzen eta elkarrekin indar egiten malgutasuna eskatzeko erakunde honi? Hemendik ideia hau luzatzen diet Nafarroako mankomunitate guztiei, gure herri txiki hauek bizirik jarraitzeko, ea benetan Vianakoa printzea den eta ez apoa.