Duela 42 urte lehenengo Korrika Oñatitik abiatu zen eta Bilbon bukatu zen. Garai haiek ez ziren gaur egungoak bezalakoak. Gizartearen egoera politikoa ezberdina zen; muga fisikoak bizirik zeuden, oztopoak ikaragarriak, AEKko egoitzak, kasu gehienetan, oso zaharrak… eta traba guztien gainetik, alfabetatze eta euskalduntze irakaskuntzan buru-belarri ziharduten irakasle boluntario asko jo eta ke lanean.
Korrikako prestakuntzan familia guztiak hartzen genuen parte, dirulaguntzak dendaz denda biltzen, tokatzen zitzaigun tartea antolatzen, aurretik egiten ziren ekitaldietan lagunduz…. Txiki-txikitatik bizipen zoragarriak ditut. Askotan pentsatzen dut zein ote den momenturik politena, eta dudarik gabe, momenturik hunkigarriena muga pasatzea izaten zen. Iparraldera pasatzeko Espainiako poliziaren eta Frantziako jendarmeen presentzia egunero jasan behar izaten genuen, pasaportea erakutsi beharra eta beraiek nahi zutena egin beharra. Muga pasatzeko eta askatasunean aurrera jarraitzeko oztopoa apurtzea Korrikak soilik lortzen zuen. Mugaren alde batekoak baita bestekoek ere, askatasun horretaz gozatzen genuen Korrikan. Pentsa zein den euskarak duen indarra, bertako harresia gainditzea lortzen baitzuen!
Gaur egun ere, badaude mugak. Nafarroan ezohiko toki zoragarrietatik Korrika egitea tokatu zaigu baimenak aitzakia. Baina hala eta guztiz ere, Korrikak aurrera egin du. Ez gaituzte geldituko.
Karmele Jaioren hitzak zoragarriak izan dira. «Euskara eztarritik ateratzen den irrintzia» dela esan digu. Euskara oso merkea dela, izan ere, «debalde hartzen dugulako herriaren ahotik eta debalde ematen diogulako herriaren belarriari».
Eta sinistu beharreko zerbait ere esan digu; «euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik». Eta aurtengo Korrika ikusi ondoren, sinisten hasiak garela iruditzen zait.
Ez ditzagun ahaztu bizitu ditugun hamar egun hauek, eta 2024. urteko Korrikarako Karmele Jaioren hitzak betetzeko konpromisoa har dezagun!
Lerro hauek eskerrak emateko ere erabiliko ditut. Eskerrik asko euskara hiltzen uzten ez duzun horri. Jarraitu horretan, buru-belarri, gero eta gehiago izanen garelako.
Zorionak Korrikako antolatzaileei, laguntzaileei, korrikalari guztiei eta euskaldun eta euskaltzale guztiei!
Bejondeigula!