Gurekin ez dauden eta maite ditugun guztientzat

Denok dakigu hiltzeko jaio garela. Noiz gertatuko den? Hortxe dago gakoa. 

Gure aurreko belaunaldiek naturaltasun osoz ikusten zuten heriotza. Hilotza etxean egoten zen, eta, bai familiak baita auzokideek ere gau guztia belaran egiten zuten, hilotzari konpainia, hurrengo egunean elizkizunak egin eta lurperatzeko.

Garai haietan (ez nahiz duela horrenbeste urtez solasean ari), heriotza bizitzaren prozesutzat hartzen zuten, eta tristura, samina eta negarrek baretzen zuten sortzen zien nahigabea. Etxeko guztiek, baita txikienek ere, ulertzen zuten heriotza, errealitatea inongo apaingarririk gabe erakusten zietelako.

Gaur egun, ordea, heriotzak sortzen dituen sentimenduak berdinak direla iruditzen zait, baina kudeatzeko modua zeharo aldatu dela pentsatzen dut. Helduen gauza dela pentsatzen dugu, eta txikienei heriotza ahal bezainbeste apaintzen saiatzen garela uste dut, errealitatetik urrunduz. Burbuila batean sartzen ditugu, eta ez gara konturatzen, hiltzeko jaio garela lehenbailehen ulertzea oso garrantzitsua dela. Modu honetan, heriotzak dakartzan sentimendu guztiak kudeatzea askoz errazagoa izango litzatekeela deritzot.

Baina, heriotza niretzat, tristura, mina, hutsunea… dira. Niretzat bezala askorentzat ziurrenik. Eta nire kasuan, momentu honetan sentimendu horiek guztiak ditut barrenean. Askotan ulergaitza suertatzen zait heriotzaren kapritxoa ulertzen. Inori ez datorkigu ongi familiako kide bat, lagun bat edota ezagun bat hiltzea. Baina gazte bat tokatzean are gutxiago.

Enpatia handia izaten dut halako egoera baten aurrean, niri bizitzea tokatu zaidanagatik, eta, gehienbat hurbilekoengan pentsatzen dut, sentitu behar duten tristura ulertzen dudalako. Nola kudeatzen den une horretan sentitzen dena? Bakoitzak bere modua dauka. Batzuk laguntza behar izan dugu, beste batzuek, aldiz, bakarrik nahiago izaten dute. Baina azken finean, denbora behar da gainditzeko.

Lehen esan bezala, tristura dut barrenean. Zendu berri den gazte bat burutik ezin kenduz, nire alabaren kintoa zen gaztea. Argazkiak ikusten aritu gara. Eskolan bizitako bizipenez ere oroitu gara egunotan; zure alaitasunaz, izaten zenituen despisteez, azterketak gainditzean sentitzen zenuen pozaz…

Familia guztiari besarkada eta gure indar guztia bidali nahi dizuet, beharko duzue eta. Gure babesa, berotasuna eta indarra emanen dizuegu behar duzuen momentu guztietan. Hemen gaude, nahi duzuen guztirako, horrek lagunduko dizuelako.

Julen, beti egonen zara gure bihotzean. Muxu eta besarkada handi bat zauden tokian zaudela ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun