'Zazpigarren Kontinentea' 1997ko abuztuaren 13an Charles Moorek aurkitu zuen, Hawaii-Kalifornia ibilbidea egiten zegoela. Zuhaitz, ekosistema eta hondartza zoragarriz inguratutako kontinentea izan beharrean, zabor poltsak, ontziak eta plastikozko botilen ilaraz osaturiko 'kontinentea' aurkitu zuen. Itsas korronteek eta hondakin plastikoen gestio txar eta kantitate handiek hondakin formazio hau sortu dute 3,4 milioi km2ko azalera osatuz, hau da, Espainiako azalera baino zazpi aldiz handiagoa. Itsasora botatzen diren hondakinak 22.000 kilometrotako zirkunferentzia duen irla bat osatzen dute.
Baina arazo hau ez da Hawaii-Kaliforniako ibilbide honetan bakarrik gertatzen. Izan ere, Algeciras edo Gibraltarren ere kutsadurak eragindako zona beltzak ere badaude.
Irtenbidea erraza izan daitekeela ematen du, ezta? Bertara joan, zabor guztia atera eta listo! Ba ez! Arazo handia sortzen ari da gure itsasoko hainbat ekosistematan.
Plastikoa fotodegradagarria da, hau da, eguzki argiarekin plastikoa polimero txikietan deskonposatzen da, planktonaren antzeko toxinetan, plastiko zatitxo hauen bilketa zailduz.
Eta zer egiten dute arrainek? Ba janaria delakoan jan, hau da, beraien elikadura katean sartzen da, eta ondorioz, gure elikaduran. Beraz, guk gaizki kudeatzen dugun plastikoa guk jaten dugu.
Baina kaltea ez da guretzat bakarrik. Kaltea animalia mota guztientzat da, esaterako hegazti eta ugaztunentzat. Koloreak erakarrita, janaria delakoan, hegaztiek edo ugaztunek plastiko zati horiek irentsi eta askotan hil egiten dira. Ez dira ezohikoak sareetan edo naturari loturiko aldizkarietan plastikoa irentsi eta hilik agertu diren hainbat espezieren irudiak ikustea.
Garbi dago, urte askotan ez dugula gure Lurra behar bezala zaindu eta maitatu, eta orain gertatzen dena gure ekintzen ondorioa dela. Birziklatzea oso garrantzitsua da. Gaur egun birziklatzea barneratuta dugun kontzeptua da, eta, bai guk baita gure etxeetan ditugun txikiek ere, normaltasun osoz birziklatzen dugu, erabat barneratuta dute, eta hori da irtenbideetako bat, baina nik beste bide bat dagoela ere esanen nuke, plastikorik ez duten produktuen kontsumoa, hain zuzen ere.
Zaindu dezagun gure Ama Lurra, horixe izanen baita gure ondorengoei utziko diegun ondasun preziatuena eta!