A ze nolako buruhaustea izan dugun egunotan. Azkenean, eta etxekoen egoera kontutan harturik, bakoitzak bere etxean egunak ospatzea erabaki dugu gehienok. Aurtengoan horrela beharko duela esan diogu geure buruari eta jarrera arduratsuena hori dela pentsatzen dut.
Baina denek horrela egin ote dute? Dirudienez ez, izan ere, Urtezaharreko baimena bertan behera gelditu zen kutsatu kopuruak gora egin zuelako. Ze pena! Batzuk zuzen-zuzen bete ditugu Osasun Departamentuak emandako argibideak, eta beste batzuek, berriz,…
«Axolagabekeria honekin jarraituz gero, ez dugu birus alu hau gaindituko».
Axolagabekeria honekin jarraituz gero, ez dugu birus alu hau gaindituko, eta gehien sufritzen ari direnak gure xaharrak dira. Asko gerra, goseteak, eskasia… gainditzea lortu ondotik, birusak eraman ditu bakardadean. Ikaragarria!!!
Egunotan berria, berriz, txertoa dugu. Badirudi miraria dela, baina ez, ez da hala. Nahiz eta txertoa jarri, ez dugu lasaitu behar, izan ere, txertatuek ere kutsatzeko aukera dute, beraz, erne ibili eta asko zaindu.
Askotan pentsatzen aritzen naiz hau guztia pasatu ondotik nolakoa izanen den gure gizartea. 2020ko martxoa baino lehenagokora bueltatuko ote gara? Nahi bai, nik behintzat hala nahiko nuke, baina ez zait iruditzen. Beldurra sartu zaigu barruan, bakarkako bizitzara ohitu gara, etxetik lanera eta lanetik etxera musukoa momentu guztian erabiliz eta, musukoa kendu eta berriz lehengora bueltatzeko prest al gaude? Gogoa bai, badugu, baina geure buruak utziko al digu? Nik uste, horretarako prestatu beharko dugula, buruaren erruz zaila eginen zaigulako.
Nire desioa, berriz, 2021 urtean 'normaltasunera' bueltatzea da, familiaz eta lagunez askatasunez gozatzeko aukera izatea eta datorren urtean, data hauetan Eguberrietan izandako elkartasun eta pozaz idazten aritzea da. Ea denon artean lortzen dugun!!!